20:12

Ekonomia

Manifestazioak

Euskal gehiengo sindikalak kaleak hartu ditu lan erreformaren aurka egiteko

agentziak | eitb media

Milaka pertsona elkartu dituzte ELA, LAB, Steilas, ESK, Etxalde eta Hiru sindikatuek Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean antolatu dituzten manifestazioetan.

1:47
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Etxaldek eta Hiruk deituta, milaka herritarrek Iruñeko, Donostiako, Gasteizko eta Bilboko kaleak zeharkatu dituzte Espainiako Gobernuak CEOE patronalarekin eta UGT eta CCOO sindikatuekin adostu duen lan erreformaren aurka.

Sindikatuekin batera, gazte taldeek, pentsiodunen kolektiboek eta mugimendu feministak, antimilitaristak, ekologistak, antiarrazistak eta independentistak parte hartu dute, eta guztien ahotan egon da lan erreforma "lapurreta" bat dela, erabakimena bertan geratu behar dela eta lan erreforma bertan behera uzteko aldarria.

Mobilizazio jendetsuena Bilbon egin dute. Moyua Plazatik abiatu den manifestazioaren aurrealdean, "Lan erreforma honi ez! Euskal lan harremanen markoa" leloa irakur zitekeen, sindikatu antolatzaileek sinatutakoa, eta Kale Nagusia zeharkatu ostean, Arriaga plazaraino joan dira.

Nafarroako hiriburuko manifestazioa autobus geltoki zaharretik abiatu da "Lan erreforma honi ez" lelopean, eta Sarasate Pasealekuan amaitu da, hiriguneko kaleak zeharkatu ostean.

"Patronala lan erreformatik kanpo", "CCOOk eta UGTk berriz saldu gaituzte", "Eskuak gora, erreforma lapurreta da" eta "Krisia kapitalak ordain dezala" oihukatu dute, bestelako aldarrikapen batzuen artean.

Imanol Pascual Nafarroako ELAren koordinatzaileak hedabideen aurrean azaldu duenez, manifestazioarekin salatu nahi izan dute "Madrilen lan erreformarako egindako akordioa patronalaren garaipen handia" dela.

Horren esanetan, patronalak "duela hamar urte lortu zuen Rajoyk bere neurrira egindako erreforma bat onartzea, eta 10 urte geroago, ezaugarri atzerakoienei eusten dien erreforma bat du", eta "gainera, PSOErekin, Unidas Podemosekin, UGTrekin eta CCOOrekin adostuta".

ELA sindikatuaren ordezkariak azaldu duenez, akordioak agerian uzten ditu "elkarrizketa sozialaren mugak, patronalari egiten baitio mesede bereziki, betorako eskubidea emanaz, eta patronalak sekula ez dio uko egiten pribilegioari".

Era berean, sindikalistak esan du UGTk eta CCOOk "ontzat" eman dutela "Rajoyren erreformaren okerrena", "duela hamar urte greba orokorra egin ostean", eta "babesa" ematen dute "Unidas Podemosek eta PSOEk lan erreforma bertan behera uzteko konpromisoa urra dezaten".

"Ustezko ezkerrak langile klaseari huts egiten dionean, eskuindarrak eta eskuin-muturrekoak gustura, eta horixe ari da gertatzen, gaur-gaurkoz lan erreforma hobetzeko benetako aukerak baitaude" Kongresuak onartu aurretik, azpimarratu du.

Pascualen aburuz, Unidas Podemos, PSOE, UGT eta CCOO "ahal duten guztia" egiten ari dira erreforma ez hobetzeko, eta "hori oso jokabide tristea da ustez historiako gobernu aurrerakoiena denarentzat eta sindikatuentzat".

Alderdi politikoei osteguneko bozketan lan erreformaren aurka bozkatzeko eskatu ostean, "lan harremanen marko propioa" aldarrikatu du, "hemen erabaki ditzagun gure lan-baldintzak, Madrilen esku-sartzerik gabe, eta Nafarroan UGTk eta CCOOk ordezkaritzaren erdia ez dutela aintzat hartuta".

Lan erreformaren aurkako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: Efe

Lan erreformaren aurkako manifestazioa, Bilbon. Argazkia: Efe

Elkarretaratzeak lantokietan, otsailaren 2an

Bestalde, Garbiñe Aranburu LABen idazkari nagusiak berretsi duenez, lan erreformak "lan harremanen prekarizazioa betikotzen du" eta "ez du eskubiderik berreskuratzen". Hori dela eta, langileei lantokietan eta kalean eta EAJri eta EH Bilduri Kongresuan errefusatzeko deia egin die.

"Elkarrizketa sozialaren marko honetan, herri honetako langileen gehiengoa ez dago ordezkatuta, CCOOk eta UGTk Euskal Herriko langileen % 34 bakarrik ordezkatzen baitute. Horregatik eskatzen diegu EH Bilduri eta EAJri eraman dezatela gure ahotsa Kongresura", adierazi du.

ELAk, LABek, Steilasek, ESK-k, Etxaldek eta Hiruk uste dute mobilizazioak direla langile klasearen lan-baldintzak hobetzeko tresna nagusia. Hori horrela, otsailaren 2an lantokietan elkarretaratzeak egiteko deia egin diete langileei.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena