Ekonomia
Bilera-sorta
Agentziak | EITB Media
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldek "gogor" kritikatu dute "Madrilen adostutako akordioa, aurreko lan-erreformekin beharginei inposatutako neurri kaltegarrienak baliogabetzen ez dituelako".
ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxaldeko ordezkariak. Artxiboko argazkia: EFE
ELA eta LAB sindikatu abertzaleek EAJ, EH Bildu eta Podemos Ahal Dugu indar politikoekin bilera-sorta egingo dute, "lan-erreformak osorik indargabetzeko konpromisoa" eskatzeko.
Bestalde, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalderekin batera, manifestazioak deitu dituzte urtarrilaren 30erako Hego Euskal Herriko hiriburuetan, PSOEren eta Unidas Podemosen Gobernuak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOEk adostutako lan-erreformaren aurka protesta egiteko. Era berean, lantokietan protestak deitu dituzte otsailaren 2rako, Diputatuen Kongresuak legedia onartzeko aukeratutako egunaren bezperan.
Agiri batean, euskal gehiengo sindikalak "gogor" kritikatu du "Madrilgo Elkarrizketa Sozialeko Mahaian adostutako akordioa, aurreko lan-erreformekin beharginei inposatutako neurri kaltegarrienak baliogabetzen ez dituelako".
"Aurreko erreformek patronalari aldebakarreko gaitasuna eman zioten kaleratzeak aurrera eramateko, prekarietatea, malgutasuna eta mugikortasuna inposatzeko helburuarekin, orain Madrilen adostutako aldaketek indargabetzen ez dutena", ohartarazi dute.
Sindikatu abertzaleen hitzetan, akordioarekin "beste egoera larri batzuk zuzentzeko aukera galdu dute", esaterako "azpikontratazioa, behin-behinekotasuna edo etxekoandreen egoera". Zentzu horretan, "aldatu ez dituzten puntuen artean, bi aldatzea premiazkoa da: kaleratzeak eta estatalizazioa", nabarmendu dute.
ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxaldek salatu dutenez, "estatalizazioa prekarietatea zabaltzeko erabiltzen ari dira, eta euskal markoa ez errespetatzea suposatzen du". "Gobernuak eta alderdi politikoak interpelatu nahi ditugu, bi gai horietatik abiatuta, aurreko lan-erreformak indargabetzeko pausoak emateko", azaldu dute.
Sei sindikatuen ordezkari gisa ELAk eta LABek EH Bildurekin bilera egingo dute ostiralean, 11:30ean, Bilbon, eta EAJrekin datorren astelehenean, 10:30ean. Podemoseko ordezkariekin ere batzartuko dira, baina ez dute oraindik datarik zehaztu.
UGTk lan-erreforma onartzea eskatu du
Pepe Alvarez UGTko idazkari nagusiak, ostera, alderdiei otsailaren 3an, Diputatuen Kongresuan, lan-erreformako dekretua baliozkotzea eskatu die. Aldi berean, Ganberatik at Espainiako Gobernuarekin itunean jazo ez diren eskakizunak negoziatzea eskatu du Alvarezek.
Bilbon emaniko prentsaurrekoan, akordioaren edukia defendatu du UGTko buruzagiak. Alvarezen ahotan, akordio "historikoa" da, behin-behineko kontratazioa "denbora tarte txikian asko murriztu" nahi duelako.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa