17:44

Ekonomia

Eskumenak

Espainiako Gobernuak epe mugagabearekin emango dio Jaurlaritzari Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren eskumena

agentziak | eitb media

Hala eta guztiz ere, Olatz Garamendi Autogobernu sailburuak uste du Espainiako Gobernuak ez duela "transferentzien prozesua bultzatzeko borondaterik", eta Estatutua betetzeko eskatu du.

  • Jendea kalean. Argazkia: Efe

    Jendea kalean. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Espainiako Gobernuak epe mugagabearekin emango dio Eusko Jaurlaritzari Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarreraren (BGDS) eskumenaren kudeaketa. Konpromiso horixe agertu dio Isabel Rodriguez Espainiako Lurralde Politikako ministroak Olatz Garamendi Autogobernu sailburuari.

Garamendik Deian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, aurreko ostegunean adostu zuen Rodriguezekin eskumenak epemugarik ez izatea, hasiera batean Jaurlaritzari helarazitako proposamenean, Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroaren eraginez, 10 urteko epea aipatzen bazen ere.

Planteamendu horren aurrean, sailburuak ohartarazi zuen ez zuela "matxuratutako ondasunik" onartuko; eta EAJk Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari esan zion babesa etengo zuela hura aldatu ezean.

Olatz Garamendiren esanetan, proposamen hartan 10 urteko epeak planteatzen ziren, automatikoki berritzen zirenak. "Ez da oso ongi ulertzen, eskumena nahitaez izan behar delako mugagabea. Ezusteko handia izan zen", azpimarratu du.

Baina azkenean Isabel Rodriguezekin "gaia lantzeko eta hitz egiteko" aukera izan omen du, eta hor azaldu omen zion epeak mugagabea behar zuela izan.

Garamendiren esanetan, Rodriguezek "ulertu" egin zuen, eta "bere egin zuen epe mugagabea izan behar duela". "Eskumen batek ezin du epe bat izan. Erkidegoa Estatuaren Administrazioaren lekuan jartzen du eskualdatze horrek, Gernikako Estatutuan bertan agertzen den eskumen batean", adierazi du.

"Iraungitze data izango lukeen eskualdaketa bat arriskutsua izango litzateke zeren, Madrilgo gobernuan aldaketaren bat izanez gero, hurrengoak, beste alderdi batekoa baldin bada, baliteke akordio horrekin bat ez egitea eta ez luzatzea", gaineratu du.

Garamendik ez du eskualdaketa gauzatzeko datarik jarri, baina argi adierazi du ez dutela "etsiko, eskumena osorik eta berme guztiekin" lortu arte.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena