14:22

Ekonomia

euskal herriko pentsiodunak

Pentsiodunek lau urteko borroka ospatu dute pentsio duinen aldeko martxekin

agentziak | eitb media

Hego Euskal Herriko herri eta hiriak bete dituzte, pentsio publiko "duinak eta bidezkoak" aldarrikatzeko.

1:45
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Lau urte dira Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak protestei ekin ziela, euren eskubideen alde, eta gaur, urteurren hori ospatzeko baliatu dituzte manifestazioak. Balioa KPI "errealaren" arabera handituko duten pentsio "duinak" aldarrikatu dituzte.

Protestek "beharrezko" izaten jarraitzen dutela ez dute zalantzarik, eta milaka pertsonak Hego Euskal Herriko hiriburuetako kaleak bete dituzte larunbat eguerdian. Hainbat herritan ere izan dira mobilizazioak, tartean, Eibarren, Ondarroan, Tafallan, Lizarran edota Altsasun.

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak sindikatuen (ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, HIRU, CGT-LKN eta CNT) eta dozenaka gizarte eragileren babesa eskertu du. Era berean, langileak, pentsiodunak eta gizarte osoa gonbidatu ditu "pentsio publiko duin eta bidezkoen" alde lan egiten jarraitzera, eta "soldata eta lan-baldintza duinen alde eta kalitatezko zerbitzu publiko unibertsalen alde".

Manifestazio bikoitza Bilbon

Bilboko manifestazioak Kale Nagusian zeharkatu du, Udaletxe parean amaitzeko, 2018ko urtarrilaren 15ean (eta astelehenero, ordutik) elkarretaratzeak egiten hasi zen tokian.

Bizkaiko hiriburura bi martxa iritsi dira, itsasadarraren Ezkerraldetik eta Eskuinaldetik zetozenak, ondoren bat egiteko. Gainera, ostiralean hogei pertsona inguruk itxialdia hasi zuten, Irala auzoko Frantziskanoen lokalean, eta bertatik atera dira manifestaziora batzeko.

Martxa osoan zehar, ohiko leloak entzun dira lau urteko borroka oroitzen zuen pankartaren atzean; "pentsionistak aurrera", besteak beste.

Mobilizazioen amaieran irakurritako adierazpenean, salatu dute Espainiako Gobernuko alderdiek ez dutela emandako hitza bete, eta onartu berri duten pentsioen erreformak ez dituela PPren legeen "murrizketak indargabetzen".

"Geure aldarrikapen gehienak erreformatik kanpo utzi dituzte", eta gutxieneko pentsioak  mugimenduak sortzetik aldarrikatu dituen "1.080 euroetatik oso urrun" daude.

Espainiako Gobernuari kritikak, Iruñean

Bestalde, Iruñeko pentsiodunek eskari zuzena egin diote Espainiako Gobernuari: aurreko pentsioen erreformetako "alderdi kaltegarrienak indargabetzeko".

Manifestariek nafar hiriburuko erdialdeko kale nagusiak bete dituzte, "pentsioen erreformaren indargabatzea" edo "hilabete amaierarara ez iristea da terrorismoa" bezalako leloak oihukatuz.

Gaztelu Plazan amaitu da martxa, eta adierazpen bat irakurri dute bertan. Pentsiodunen mugimenduak 1.080 euroko pentsio minimoa eskatu du, pentsioei KPI errealeko gehikuntza aplikatzea eta 1.200 euroko soldata minimoa.

Benito Urtega Iruñeko Pentsiodunen Mugimenduko bozeramaileak salatu duenez, Espainiako Gobernuaren politikak PPrenak baino "erasaokorragoak izaten ari dira", pentsiodunentzat izango duten kostua "askoz handiagoa izaten ari baita".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena