Itxi

Ekonomia

Lege proposamena

Oinarrizko errenta ezartzea eztabaidatuko du Legebiltzarrak herri ekimen batek jasotako sinadurek bultzatuta

AGENTZIAK | EITB MEDIA

18 urtetik gorako pertsonentzat eta emantzipatuta dauden adingabeentzat hilean 900 euroko errenta eskatu dute, 450 eurokoa emantzipaturik ez dauden 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat eta 270 eurokoa 14 urtez azpikoentzat.

  • Herritar guztientzako oinarrizko errenta ezartzeari buruz eztabaidatuko du Legebiltzarrak

    Herritar guztientzako oinarrizko errenta eztabaidatuko du Legebiltzarrak. Argazkia: EFE

Eusko Legebiltzarrak euskal herritar guztientzat Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta ezartzeari buruz eztabaidatuko du, herri plataforma batek aurkeztutako proposamen bati erantzunez. 270 eta 900 euro bitarteko errenta eskatu dute, hain zuzen ere, 22.075 sinadura bildu dituen ekimen horrekin.

Sinadurak Legebiltzarrean aurkeztu dituzte astearte honetan, eta "arrakastatsutzat" jo dute proposamena. Izan ere, onartua izan dadin herri ekimen batek behar dituen 10.000 sinaduren bikoitza lortu dute, irailean abiatutako kanpainaren bidez.

"Lortu dugu, eta orain Legebiltzarreko alderdiei dagokie ekimen hau babesten duten ala ez adieraztea", azaldu du bozeramailetako batek. Halaber, denbora guzti honetan alderdi politikoen artean izan den "isilunea" gaitzetsi du.

Are gehiago, isilune horrekin "errespetu eza" erakutsi dutela salatu du, eta onartu du alderdien lana ez ezik, gainerako eragileen, sindikatuen eta patronalaren ardura ere badela orain herri ekimen horri erantzutea.

"Lege proposamen bat denez, eztabaidatu beharra dute", bukatu du. Horrekin batera, argi utzi du eztabaida "oso argia" dela, gaur egun indarrean dagoen Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak ez diolako pobreziari aurre egiten.

Horregatik, 18 urtetik gorako pertsonentzat eta emantzipatuta dauden adingabeentzat hilean 900 euroko errenta eskatu dute, 450 eurokoa emantzipaturik ez dauden 14 eta 18 urte bitarteko gazteentzat eta 270 eurokoa 14 urtez azpikoentzat.

Azken hiru hilabeetan Euskadi bizitoki izan duen edozein herritarrek jaso ahalko du errenta, proposamen horren arabera. Beste norbaitekin bizitzeak edo beste diru sarrera batzuk edukitzeak, bestalde, ez du errenta hori baldintzatuko.