23:50

Ekonomia

Manifestazioak

Urtarrilaren 15ean Euskal Herriko hiriburuetako kaleak betetzeko deia egin du Pentsiodunen Mugimenduak

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Protestak abiatu zituztela lau urte betetzear direnean, pentsiodunek manifestazioak deitu dituzte lan-erreforma berriarekin pentsioak gehiago murriztuko direla eta osasun publikoaren "kolapsoa" salatzeko.

  • Pentsiodunek Bilbon egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

    Pentsiodunek Bilbon egindako manifestazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak manifestazioak egingo ditu urtarrilaren 15ean Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean, lan-erreforma berriarekin eros-ahalmena eta pentsioak gehiago murriztuko direla eta pandemiaren seigarren olatuak osasun zerbitzu publikoa kolapsatu duela salatzeko.  

Hilaren 15eko mobilizazioaren garrantzia azpimarratuta, kaleak betetzeko deia egin die pentsiodunei, langileei, sindikatuei, gizarte-eragileei eta gazteriari. "Denok sufritzen dugu prekarietatea eta denok ditugu miseriazko soldatak; denok egin behar dugu bat, nork bere aldarrikapenarekin", adierazi dute.

Pentsiodunen ustez, "mobilizazio jendetsuak, bateratuak eta koordinatuak beharrezkoak dira, lantokietan nahiz kalean, gobernuei eta patronalei esateko ez dugula murrizketa gehiagorik onartuko pentsioetan, soldatetan eta gainerako eskubide sozialetan", eta iritzi berekoak dira sindikatuak.  

Ildo horretan, lan-erreformak pentsioen sistema publikoa gehiago murriztuko duela ohartarazi dute, "pentsio-sistema pribatuen mesedetan".

Horrez gain, Pentsiodunen Mugimenduak EAEko eta Nafarroako osasun zerbitzu publikoek gainezka egin dutela salatuko dute urtarrilaren 15ean.

Pandemiaren seigarren olatuarekin, osasun sistema publikoaren "kolapsoari amaiera emateko, lantaldeak indartzeko eta baliabide gehiago jartzeko" eskatuko diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

"Azken olatuak egoitzetan, ospitaleetan eta lehen arretan aspalditik zeuden arazoak areagotu ditu, eta erakundeak ez dira konponbidea jartzeko gai izan, azken urteetan baliabide pertsonalak nahiz materialak murriztu dituztelako", kritikatu dute.

"Urrian, 4.000 langile kaleratu zituzten eta orain 1.000 bakarrik kontratatu dituzte; jende asko seguru pribatuak egitera bultzatu dute; nork bere kabuz egin behar ditu antigeno edo PCR testak; eta bitartean, klinika pribatuak aberasten ari dira egoeraz baliatuta prezio eskandalagarriak jarri dituztelako", gogoratu dute.

Horrela jarraitzea ezinezkoa dela nabarmenduta, protesta indartsuak, anitzak eta bateratuak egiteko deia egin dute, "hori izango baita erakundeak premiazko neurriak hartzea mugiarazteko bide bakarra".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena