Ekonomia
Koronabirusa
O.P. | Eitb Media
Ostalaritzako edukiera eta ordutegiak murrizteko neurriek haserrea piztu dute sektorean. Zigorraren ondoren kalte-ordainak ez datozela salatu dute. Ostalariak eta Eusko Jaurlaritza gaur bildu dira eta datorren astean berriro bilduko dira, laguntzak zehazten jarraitzeko.
Albisteak (2)
Hector Sanchez Bizkaiko Ostalarien Elkarteko gerenteak baieztatu duenez, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ostalaritza-elkarteak helegite bateratua prestatzen ari dira Eusko Jaurlaritzak ostalaritzako edukieren eta ordutegien inguruan ezarritako neurri berrien aurka. Euren asmoa da ostegun honetan EAEko Justizia Auzitegi Nagusian aurkeztea; izan ere, diotenez "auzibideak ez du zerikusirik Eusko Jaurlaritzarekin konpentsazioen inguruan egindako bileren emaitzekin".
Gaur goizean Gasteizen Exekutiboko ordezkariekin izandako bileraren ostean egindako adierazpenetan, Sanchezek baieztatu du bi aldeak datorren astean beste bilera bat egitekotan gelditu direla, "planteatzen duten laguntza zehazki zein den zehazten eta kuantifikatzen saiatzeko ea akordio0 batera iristen saiatzeko". Oraingoz, "mahai gainean zenbakiak ikusi arte ez gaitu ezerk asetzen", gaineratu du.
Izan ere agerikoa da ostalaritzako sektoreko langileen haserrea Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak koronabirusaren hedapenari aurre egiteko hartu dituzten neurri murriztaileen berri izan ostean; "nazkatuta" daude, diotenez "ostalaritza jartzen delako beti pandemiaren arazoiaren muinean".
Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkartearen (ANAPEH) arabera, neurri horiekin "birus zitalak ekartzen dituen bi ondorioak berresten dituzte: batetik, gauzak okertzen direnean ostalaritza dela gehien zigortutako sektorea, eta bi, hori gertatzen denean erakundeek ez dituztela berehala mahai gainean jartzen konponbideak, nahitaezko kalte-ordainak, itxieragatik eta lana eta diru-sarrerak galtzeagatik".
Araban, Gasteizko eta Arabako Ostalarien Elkartea haratago joan da, eta Iñigo Urkullu lehendakariaren, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren eta haren aholku-batzorde osoaren (LABI) dimisioa eskatu du, sektorea "hondatzeagatik" eta "Euskal herritar guztien osasuna eta etorkizuna arriskuan jartzeagatik". Gainera, "pandemiaren ia bi urte hauetan egindako kudeaketa negargarria" salatu dute, eta neurriak "zentzugabeak" direla kritikatu dute. Dagoeneko iragarri dute helegitea jarriko dutela EAEko Auzitegi Nagusian.
Hector Sanchez Bizkaiko Ostalarien Elkarteko gerenteak iragarri duenez, sektoreak errekurtsoa aurkeztuko du Eusko Jaurlaritzak pandemiaren hedapena geldiarazteko hartutako neurrien aurka, "kolpea" direlako ostalaritzarentzat; izan ere, ostalaritza egoera "dramatikoan" geratzen da; besteak beste, "zeharkako itxiera izanik" ERTErik eskatzeko eskubiderik gabe geratzen dira, edo jada erositako elikagai galkorrak bota beharra izateko arriskua dute. Nolanahi ere, auzitegiek murrizketak "baliozkotzen" badituzte, sektorearentzat "konpentsazioak" ezartzea aldarrikatu dute.
SOS Ostalaritza elkarteak, bere aldetik, sektoreari ezarritako murrizketak atzera botatzea eskatu du eta Urkullu lehendakariari leporatu dio neurriekin "bere gaitasun eza eta arduragabekeria ezkutatzen" saiatzea. Ohar batean, haserre agertu da LABIk urtarrilaren 28ra arte onartutako murrizketa neurriekin, eta lehendakariaren eta Osasun sailburuaren dimisioak eskatu ditu. Halaber, "berriro ere" ostalariak jomugan jarri izana salatu du. Azken urte eta erdian nola edo ahala bizirauten ahalegintzen ari direla eta ezartzen zaizkien baldintzan oso zorrotz betetzen ari direla ziurtatu du.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak onartu du oso ondo ulertzen duela ostalariak kezkatuta egotea murrizketa berrien aurrean, "bereziki kaltetuak" direlako, baina erakundeek herritar guztiak babesteko "neurriak hartzeko betebeharra" dutela defendatu du. Ez hartzea "erabateko arduragabekeria litzateke", azpimarratu du.
PPk ostalaritzarako 20 milioi euroko diru-laguntza zuzena eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, murrizketa berriekin sektoreak jasango dituen kalteak arintzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa