Ekonomia
Lan-eskubideak
Agentziak | EITB Media
Proposatzen diren bost irizpideetatik gutxienez bi betetzen badira, ulertuko da plataformak pertsona hori enplegatzen duela eta pertsona hori enpresako plantillako kide dela, eskubide guztiekin. Uber edo Amazon bezalako plataformetan autonomo faltsuak ugaritzea saihestu nahi da.
Uber Eats-eko banatzaile bat, bizikletan. Argazkia: Pxhere.
Europako Batzordearen arabera, 28 milioi pertsona inguruk lan egiten dute Amazon edo Uber bezalako plataforma digitaletan eta, horietatik 5,5 milioik dagokien lan-estatusa aitortu gabe izan dezaketela uste du.
Egoera hori erregularizatzeko, autonomo faltsuak ugaritzea saihesteko eta plataforma horietan dauden pertsonen lan-eskubideak bermatzeko, Europako Batzordeak zenbait irizpide proposatu ditu ostegun honetan, langileak plantillako langileak diren zehazteko.
Zehazki, gaur aurkeztutako zuzentarauak bost irizpide planteatzen ditu, eta, horietako bi edo gehiago betetzen badira, ulertuko da plataformak pertsona hori enplegatzen duela eta pertsona hori enpresako plantillako kide dela.
Bruselak planteatzen dituen bost irizpideen artean daude (1) enpresak ordainsari-maila ezartzea edo (2) gailu elektronikoen bidez enplegatuaren lana gainbegiratzea.
Halaber, (3) enpresak askatasuna murriztea lagileari hark lanorduak edo absentzia-aldiak aukeratzeko, zereginak onartzeko edo baztertzeko eta azpikontratistak edo ordezkoak erabiltzeko.
Halaber, irizpide hau ezartzen du: (4) plataformak arau lotesleak ezartzea itxurari buruz (adibidez, konpainiaren logotipoa duten uniformeak eramateko betebeharra), bezeroarekiko jokabideari buruz edo lana betetzeari buruz.
Azken irizpidea da (5) enpresak aukera murriztea langileari hark bezero-base bat eraikitzeko edo beste konpainia batzuentzat lan egiteko.
Plataformaren eta langilearen arteko lan-harremanean baldintza horietako bi gutxienez betetzen badira, pertsona hori plantillako enplegatua dela ulertuko da, eta eskubidea izango du gutxieneko soldata jasotzeko, negoziazio kolektiborako, ordaindutako oporretarako edo laneko istripuen aurrean hobeto babesteko, langabeziagatiko eta gaixotasunagatiko prestazioak jasotzeko, bai eta zahartzaroko kontribuzio-pentsioak jasotzeko ere.
Aurkaratzeko aukera
Zer gertatuko litzateke bi alderdietako batek plantillako langile izendapena aurkaratu nahi badu?
Plataformek eta langileek horretarako aukera izango dute, prozedura judizial edo administratiboen bidez.
Enpresa bada neurriaren aurka egiten duena, frogatu egin beharko du langilearekin ez dagoela lan-harremanik. Aitzitik, enplegatua bada izendapenari uko egiten diona, plataformak prozedurak "behar bezala ebazten" lagundu beharko du, "bereziki, informazio garrantzitsu guztia emanez", Bruselak ohar batean azaldu duenez.
Zuzentarau hau medio, 1,7 milioi eta 4,1 milioi pertsona ingururi plataforma digital horietan langile izaera aitortua izatea espero du Europako Batzordeak.
Beste batzuk benetako autonomo bihur daitezke, "plataforma batzuek euren negozio eredua egokitu dezaketelako", zehaztu du Bruselak.
Legeria eta gardentasuna
Europar Batasuneko iturriek zehaztu dutenez, aukeratutako bost irizpideak Europako eta estatu kideetako jurisprudentzian oinarritzen dira. Beraz, EBko auzitegiek enplegatuen eta plataformen arteko lan-harremanak baieztatzeko erabili izan dituzten printzipioak dira.
Halaber, direktibak algoritmoen bidezko kudeaketaren arazoari ere erantzuten dio; izan ere, algoritmoek gero eta gehiago ordezkatzen dituzte gerenteak zereginak esleitzeko, egindako lana monitorizatzeko eta ebaluatzeko, pizgarriak emateko edo zehapenak ezartzeko orduan.
Proposamenak plataformen algoritmoen erabileraren gardentasuna areagotzen du, lan-baldintzen gaineko giza kontrola ziurtatzen du eta erabaki automatizatuak aurkaratzeko eskubidea ematen du. Eskubide berri horiek plantillako langileei nahiz benetako autonomoei aplikatuko zaizkie.
Zuzentarauarekin batera, Bruselak kontsulta publiko bat ireki du euren kabiuz lan egiten duten autonomoen hitzarmen kolektiboetan lehiari buruzko Erkidegoko legedia aplikatzeko jarraibideen inguruan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa