12:49

Ekonomia

ELA

Greba prekaritateari aurre egiteko "ezinbesteko tresna" dela aldarrikatu du Mitxel Lakuntzak

AGENTZIAK | EITB Media

ELAren XV. kongresua ostegunean amaituko da eta Mitxel Lakuntza hautatuko dute berriro idazkari nagusi. Gainera, datozen lau urteotarako ponentzia, kudeaketa txostena eta Batzorde Eragilea bozkatuko dituzte.

1:24
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mitxel Lakuntzak greba prekaritateari aurre egiteko ezinbesteko tresna dela defendatu du ELAko kongresuaren lehen jardunaldian. Lakuntzaren esanetan, sektore eta enpresa askoren lorpenak ez lirateke ulertuko grebarik gabe, eta, ildo horretan, Bizkaiko egoitzetako edo itunpeko ikastetxeetako grebak ekarri ditu gogora.

ELAren zerbitzu juridikoen "emaitza ikusgarriak" goraipatu ditu Lakuntzak, auzitegietan langileen aldekoak diren epaiak aipatzeko orduan. Gaineratu duenez, zerbitzu juridikoen lana prekarietatearen aurkako estrategiaren parte da. Bide horretan lanean jarraitzeko asmoa agertu du, "benetako aldaketa politiko eta sozialaren alde".

Kongresuaren lehen egunean, Mitxel Lakuntzak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak aurkeztutako kudeaketa txostena bozkatuko dute. Pandemia dela eta, goizez bakarrik egingo dira gaurko eta biharko saioak.

ELAren kongresua bihar amaituko da, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Mitxel Lakuntza hautatuko dute berriro idazkari nagusi, bera baita aurkeztu den hautagai bakarra. Halaber, Batzorde Eragileak aurkeztutako ponentzia bozkatu eta zuzendaritza berria aukeratuko dute.

ELAko Batzorde Nazionalak hiru pertsona berri proposatu ditu zuzendaritzan sartzeko, hirurak emakumeak: Leire Gallego Lopez de Goikoetxea, Alazne Mantxola Mintegi eta Ane Miren Zelaia Arieta-Araunabeña. Kongresuaren onespena jasoz gero, zuzendaritza berria parekidea izango da (sei emakume eta sei gizon). Mitxel Lakuntzak idazkari nagusi eta Amaia Muñoak idazkari nagusiaren albokoa izaten jarraituko dute.

"Benetan garrantzitsuak diren gauzak; Aktibatu, lortu, zaindu" lelopean egiten ari da ELA sindikatua kongresua, langileria eta gizartea aktibatzeko helburuarekin.

736 delegatu parte hartzen ari dira kongresuan. 350 eskualde edo lurraldeetako ordezkariak dira, eta beste 350, sektoreko federazioetakoak (Industria eta Eraikuntza, Zerbitzuak eta Gizalan). Gainerako 36 pertsonak Batzorde Nazionaleko kideak dira. Ordezkarien artean, 384 gizonak dira eta 352 emakumeak (% 47,2).

ELAk bestelako negoziazio kolektibo baten alde egiten du

ELAk "bestelako negoziazio kolektiboa" eskatuko du prekarietateari aurre egiteko. "Patronalen eta gobernuen posizio gogorrak direla eta, gure ekintzaren erdigunean grebak eta mobilizazioak kokatzea besterik ez dugu, batez ere eremu feminizatuetan egiturazko aldaketak eragin nahi baditugu", esan zuen sindikatuak kongresuaren aurkezpenean.

Lurraldetasunari dagokionez, ELAk izaera errepublikazalea izango duen euskal estatu independentea aldarrikatuko du; izan ere, "Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua Madrilen hartzen diren erabakien kudeatzaileak baino ez dira".

Aliantzei dagokienez, "euskal gehiengo sindikala" etorkizunean ere elkarlanean arituko dela berretsiko du ELAk.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena