Ekonomia
COP26
Agentziak | EiTB Media
Ekonomi Garapenerako, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak azaldu duenez, energia itsas eoliko eta hidrogeno proposamenek Europako Batzordearen interesa piztu dute.
Arantxa Tapia sailburua Glasgown (Eskozia). Argazkia: Irekia
Arantxa Tapia Ekonomi Garapenerako, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak azpimarratu duenez, energia berriztagarrietarako trantsizioan "oreka bat aurkitzea" beharrezkoa da. Bestalde, energiaren kostu handiengatik kezka agertu dio Tapiak Kadri Simon EBko Energia komisarioari.
"Baliabide fosilak pixkanaka utzi ahal izateko epeak eta berriztagarriek beharko dituzten inbertsioak egokitzea beharrezkoa izango da", adierazi du sailburuak Glasgown (Eskozia). Euskadiko ordezkaritzak bigarren eguna du hirian, eta Europako Batzordeak antolatutako ekitaldian parte hartu du ostiral honetan.
Euskadiren estrategia energetikoa azaldu du Tapiak, eta Europako Batzordeak aukeratutako arloak ardatz izan ditu: hidrogeno berdearen aldeko apustua eta energia berriztagarrien aukera itsas eolikoarekin.
Ekonomi Garapenerako, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak ohar batean azaldu duenez, energia itsas eoliko eta hidrogeno proposamenek Europako Batzordearen interesa piztu dute. Trantsizio energetikoan aurrera egiteko eta klima aldaketaren mehatxuei erantzuteko "baliozko apustuak" direla nabarmendu du Batzordeak.
¿ #EnergiaBerriztagarriak konponbidearen zati garrantzitsua dira, eta, aldi berean, ekonomia eta enplegua sortzeko aukerak areagotzen dituzte
— Arantxa Tapia (@arantxa_tapia) November 5, 2021
Albiste ona da #COP26-an Euskadik trantsizio energetikoa gidatzeko duen gaitasuna aitortzea.#BasqueGreenDeal pic.twitter.com/wUDm3EmVME
Sektore eolikoa
Sailburuaren ahotan, Euskadik sektore eolikoaren prozesu guztia burutzeko gaitasuna du, itsasoan zein lurrean; parke eolikoa garatzetik operazio eta mantentze-lanetara, baita zimendatzea egiteko ere.
EAEko enpresak mundu mailako itsas proiektu eoliko gehienetan parte hartzen ari direla agerian jarri du goi-bilerak, itsas hondora lotutako zimendatze finkoetan zein zimendatze flotagarrietan, Sailak erantsi duenez.
Hidrogenoa
Gainera, Eusko Jaurlaritzak hitzorduaren erakusleihoa aprobetxatu du "Hidrogenoaren Euskal Estrategia" azaltzeko. Hidrogeno berriztagarriaren ekoizpenean oinarritutako ekosistema bat sortu nahi dute EAEko erakundeek, biltegiratze, garraio eta banaketa azpiegiturekin.
Euskadiko ordezkaritzak Bioaniztasunaren Eguneko ekitaldietan parte hartuko du larunbat honetan, COP26 goi-bileran. Horrela, Edinburgoko Adierazpenean izango da, Munduko Bioaniztasun Biologikoaren Markoan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa