Ekonomia
Jokoaren araudi berria
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Joko-aretoen eta ikastetxeen arteko distantziekin, establezimenduen kopuruarekin eta horien arteko gutxieneko metroekin, sarreretako kontrolekin eta publizitatearekin zerikusia duten neurriak mugatuko dira.
Euskadiko apustu-etxeei eta joko-aretoei buruzko araudi berria. Irudia: Pixabay
Albisteak (3)
Eusko Jaurlaritzak joko-establezimenduen arteko gutxieneko distantziak handituko ditu, ez du joko-makinak jartzeko lizentzia gehiago emango, lokal horietara sartzeko baldintzak gogortuko ditu, eta joko-enpresen publizitatea mugatu egingo du. Horiek dira apustu-etxeei eta joko-aretoei buruzko araudi berriak jasotzen dituen neurrietako batzuk.
Erregelamenduak joko-lokalen kopurua ere arautuko du; hala, Euskadin hiru kasino baino ezin izango dira egon, lurralde historiko bakoitzeko bat, hipodromo bat, 14 bingo, 60 apustu-lokal eta 170 joko-areto (une honetan 209 daude).
Hiru urte bete dira Euskadik Jokoaren Behatokia sortu zuenetik. Jokorik Gabeko Nazioarteko egunerako bi egunen faltan, Josu Erkoreka Segurtasun sailburuak eta Jonatan Gracia, EHUko ikertzaileak, hiru urteen balantzea egin dute eta egungo egoera aztertu dute.
Graciaren arabera, jokoa zabalduta dago euskal gizartean. Ikerketek diotenez, gutxienez herritarren % 70ek behin edo behin jokatu edo apusturen bat egin du azken urtean. Gainera, biztanleriaren ia % 80k onartu du haurtzaroan eta/edo gaztaroan senideren bat ikusi duela jokatzen, eta % 24,7k aitortu du 18 urte bete baino lehen hasi dela jokoan.
Jokoaren Euskal Behatokiak argitaratutako Jokalarien prebalentzia, ohiturak eta profilak Euskadin 2020 txostenak dioenez, jokoarekin arazoak dituzten gazteen ehunekoa haziz doa urteekin, batez ere, jokorako eta apusturako online modalitateen ondorioz.
Bestalde, Jaurlaritzak berretsi egin du Euskadin arazoak sortzen dituen jokoaren eta joko patologikoaren aurkako borrokan hartuta duen konpromiso irmoa eta duen inplikazioa.
Euskadiko joko-eskaintza gizartean onargarria den mailara doitzeko helburuz eta osasunaren babesa bermatzeko eta arazoak sortzen dituen jokoaren prebentzioaren alde eguneratu dira neurriok, baita adingabeak eta kolektibo zaurgarriak babesteko ere. Hala, lege-erreformak hainbat neurri gogortuko ditu, besteak beste, joko-aretoen eta ikastetxeen arteko distantziak, establezimenduen kopurua eta horien artean gutxienez izan behar diren metroak, sarreren kontrola eta publizitatea.
Horrela, ezingo da joko edo apustu aretorik egon ikastetxe arautuetatik 150 metro baino gutxiagoko eremuan, eta establezimenduen artean gutxienez 500 metroko distantzia egongo da.
Horrez gainera, Jaurlaritzak murriztu egingo du joko-enpresen publizitatea, eta era horretako areto guztietara sartzeko nahitaezko kontrola ezarriko du, horietako ostalaritza-eremuetakoa barne dela. Araudia indarrean jartzen denean, lokalek adingabe guztien, ahalmena mugatuta dutelako debekatu gisa erregistratuta dauden pertsonen, euren buruari sartzea debekatu dietenen eta abarren sarrera kontrolatu beharko dute.
Datozen hiru urteotan ez da ostalaritzako lokaletan eta joko-aretoetan joko-makinak instalatzeko baimen berririk emango, eta denbora horretan baimen horietan izaten diren bajak behin-betikoak izango dira.
Araudi-aldaketa hiru urtez behin errepikatuko da aurrerantzean. Jaurlaritzak gogorarazi du jokoa aisialdiko jarduera baimendua eta normalizatua dela gure gizartean, eta Euskadin 155 milioi eurotik gorako balio erantsi gordina sortzen duela. Gainera, 2.500 pertsona ingururi ematen die lana Euskadin.
Hala ere, "jarduera hau osasun publikoa babestearekin eta jokoaren ondorio kaltegarriak saihestearekin uztartu ahal izateko" dimentsio egokia eta doitua ematearen ardura bere gain hartu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa