Ekonomia
EAEko aurrekontuak
Eusko Jaurlaritzak 13.108 milioi euroko Aurrekontua aurkeztu du "susperraldi ekonomikoa" bultzatzeko
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Lehenengoz, 13.000 euroko langa gaindituko dute EAEko aurrekontuek eta Euskadiren susperraldi ekonomikora eta pandemiak galdutako enpleguetara bideratu dira.
Gobernu Kontseiluak 13.108 milioi euroko aurrekontu proiektua onartu du 2022rako. % 6ko igoera izan du 2021ekoarekin alderatuta eta Euskadiren bultzada ekonomikoa du ardatz, inbertsio publikoa oinarri hartuta. Jaurlaritzak bere historian izan duen aurrekontu proiekturik handiena da,lehen aldiz 13.000 milioi euroko langa gainditu baitu.
Gobernu bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu duenez, "Aurrekontua Euskadiren susperraldirako prestatu dute eta inbertsio publikora bideratuko da".
Halaber, Europar Batasunak arau fiskalak bertan behera uztea dakarren "aurrekaririk gabeko aukera" aprobetxatzeko deia egin du sailburuak, 2022an defizitaren eta zorraren helburuak ezabatzeari dagokionez.
Horrela, datorren urtean 1.605 milioi euro bideratuko dituzte inbertsioetara, 2021ean baino % 50 gehiago, eta horietatik 165 milioi foru aldundiekin batera egingo den erakundeen arteko inbertsio planera zuzenduko dira. Gainera, I+Gren aldeko "apustu sendoa eta argia" egin dute, eta 588 milioi bideratu dituzte horretara, 2021ean baino ia % 10 gehiago.
Covid funtsa 543 milioitik 349 milioira jaitsiko da 2021ean. Hezkuntza eta Osasunerako zuzkidurak bere horretan jarraitu du, baina gainerako 194 milioi euroak, "zorraren amortizaziora bideratu zitezkeenak, gastu ahalmena handitzera pasatu dira Jaurlaritzaren erabakiz", 888 milioi euroraino, % 7,6 gehiago, Azpiazuren hitzetan.
Sailburuaren arabera, Aurrekontuaren helburua Euskadiko susperraldi ekonomikoa eta pandemian zehar galdutako enpleguak berreskuratzea da. "Erronka handia da eta erantzukizun handia dugu", esan du.
Aurrekontu proiektua Eusko Legebiltzarrera eramango dute ostiral honetan eta datorren astean sailburuek agerraldia egingo dute euren sailetako partida nagusiak azaltzeko. Ondoren, oposizioko taldeekin bilduko da sailburua. Aurrekontuak abenduaren 23an onartuko direla aurreikusten da.
Sailen araberako banaketa
Osasun Sailarentzat izango da aurrekontuen zati handiena, 4.352 milioi (% 4 baino gehiago). Osakidetzari bideratuko zaio gehiena, 3.333 milioi euro, hau da, 116 milioi gehiago. Farmaziako gastua egonkor mantendu da eta txertoena 19 milioira igo da (5 milioi gehiago).
Hezkuntza Sailak 3.235 milioi izango ditu (% 4,1). 41 milioi inbertsioetarako eta 61 milioi langile- eta funtzionamendu-gastuetarako (1.738 milioi) bideratuko dira, pandemiak martxan jarritako neurriei eutsi baitzaie. Hiru urtera arteko hezkuntzarentzat 30 milioi izango dira, Haurreskolak Partzuergoarentzat 60 milioi eta EHUrentzat 356 milioi.
Lan eta Enpleguak 936 milioi euro izango ditu (% 0,8 gutxiago), eta % 3ko igoera aurreikusten du diru-sarrerak bermatzeko errentan eta % 10ekoa etxebizitzarako prestazio osagarrietan; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak, berriz, 777 milioi izango ditu (% 18,8 gehiago).
Aurrekontuetan igoerak izango dituzte industria-garapenak (41 milioi gehiago), teknologiak (19 milioi gehiago), eraldaketa digitalak (10 milioi gehiago), nekazaritzak (8,6 milioi gehiago) eta ingurumenak (7,7 milioi gehiago). Gainera, SPRI, Sprilur eta Parke Teknologikoen inbertsioen aurrekontua 58 milioiraino igo da, hau da, 40 milioi gehiago.
Segurtasunerako 725,1 milioi (% 4,8 gehiago) gorde dira eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetarako 564,4 milioi; hau da, % 4ko igoera izan dute. Hortik kanpo geratzen dira "Euskal Y"rako eta Hegoaldeko Trenbide Saihesbiderako 56,4 milioiak. Sail honetan, Trenbideko Garraioaren Azpiegitura eta Kudeaketa Programa nabarmentzen da, 40 milioi gehiago jasoko baititu. Gainera, Etxebizitzak 10 milioi euro gehiago izango ditu.
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak 528,6 milioi euro izango ditu, % 14,5 gehiago. Emakundek 7,4 milioiko aurrekontua izango du, eta Garapenerako Lankidetzaren Agentziak 50,2koa. Gainera, 42,5 milioi bideratuko dira gizarte larrialdietarako laguntzetarako eta pobrezia energetikoaren aurkako laguntzetarako, eta Euskadira eskualdatu berri diren kartzelen kudeaketak 70 milioi eskuratuko ditu.
Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko 322 milioietatik (% 11,2 gehiago) 161 milioi EITBrentzat dira (12,6 milioi euro gehiago) eta 46 HABErentzat; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak, berriz, 139,2 milioi euroko aurrekontua izango du (% 7,5 gehiago).
Ekonomia eta Ogasun Sailak 128,6 milioi izango ditu (% 42,7 gehiago), horietatik 50 Finkatuz Funtsarentzat izango dira; eta Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 52,1 milioi izango ditu (% 10,2 gehiago).
Amaitzeko, Lehendakaritzak 35,5 milioi euroko partida izango du (% 9,6 gehiago), eta horietatik 1,1 Parisen Euskadiren ordezkaritza bat irekitzeko izango dira.