Itxi

Ekonomia

Trantsizio energetikoa

Eusko Jaurlaritzak 305 milioi euro bideratuko ditu emisioak murrizteko eta energia berriztagarriak indartzeko

N. B. | EITB MEDIA

Bestalde, Euskadiko Net Zero Industria Klusterraren Aliantza bultzatuko du. Aliantza horren bidez, euskal industriak zero isurketa garbiak egiteko konpromisoa hartuko du 2050ean, eta asteazken honetan eratu eta aurkeztuko dute Barakaldoko BECen.

1:14
Enpresa baten isurketa. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia.

Eusko Jaurlaritzak 2021-2024 aldirako Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Plana onartu du astearte honetan, isurketak murrizteko, energia berriztagarriak indartzeko eta lurraldea klima-aldaketaren eraginetara egokitzeko.

Zehazki, 2024. urtea horizontetzat hartuta, Eusko Jaurlaritzak % 30 murriztu nahi ditu berotegi-efektuko gasen isurketak, energia berriztagarrien kuota energiaren azken kontsumoaren % 20 izatea lortu nahi du eta euskal lurraldearen erresilientzia segurtatu nahi du klima-aldaketaren aurrean.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak azaldu duenez, Euskadik indartu egiten du nazioartean hartutako helburuak lortzeko hartuta duen konpromisoa, klima-aldaketaren oraingo abiadura murrizten laguntzeko eta haren ondorioen aurrean erantzuteko ahalmena handitzeko, ondorio horiek jadanik agerikoak baitira zenbait alorretan.

Ildo horretan, sailburuak nabarmendu du oso garrantzitsua dela "arriskuei aurrea hartzea eta aurreikustea, muturreko egoeren aurrean alerta-sistema ona izateko eta horiei aurre egiteko baliabide nahikoak izateko".

"Horregatik, larrialdiak, babes zibila eta osasun-sistema indartzea funtsezko elementuak dira dokumentu honetan", gaineratu du.

Sailburuak azaldu duenez, zeharkako plan bat da, energia- eta klima-aldagaiak batzen dituen ikuspegi batekin egina, eta arriskuen aurreikuspena eta aurrea hartzea jasotzen ditu.

Tresna hori aitzindaritzat jo du, eta, azaldu duenez, proiektuen artean nabarmentzekoak dira energia berriztagarriak garatzeko lurraldearen antolamendu "eredugarria" lortzera bideratutakoak eta ozeanoetako energien nazioarteko erreferente bihurtzera bideratutakoak.

Era berean, planak honako neurriak jasotzen ditu: EAEko industria lurreko eta itsasoko azpiegitura eolikoen garapen teknologikoaren abangoardian kokatzea, eguzki-energia fotovoltaikoko instalazioen ezarpena erraztea eta Euskadin hidrogenoaren ekoizpen-, banaketa- eta kontsumo-ekosistema bat sortzea.

Mugikortasun iraunkorraren esparruan, proposamenen helburua da energia- eta ingurumen-konpromisoei erantzuna emango dien eredu bat ezartzea, ekonomia zirkularraren bidez berotegi-gasen eragina murriztea eta karbono-hustubideen potentziala handitzea. Era berean, planak udalerriak eta kostaldeko azpiegiturak klima-aldaketarako prestatzea sustatu nahi du.

Plan hori Euskadiko Trantsizio Energetikoari eta Klima Aldaketari buruzko lehen Legearen aurreko urrats gisa onartu dute. Lege hori izapidetze-prozesuan dago gaur egun, eta, horren bidez, Eusko Jaurlaritzak nahi du EAE erkidegoko arau-testuingurura egokitutako Europako lehen eskualdeen artean kokatzea. Horri esker, Tapiaren arabera, EAEko Administrazio Publikoa energia-trantsiziorako "eredu" izango da.

Plana hiru ardatz nagusitan egituratzen da, neutraltasuna, lurraldearen erresilientzia eta ekintza klimatikoaren zeharkakotasuna eta trantsizio energetikoa lortzera bideratuak; eta bederatzi jardun-ildo horiek 15 ekimen enblematiko biltzen dituzte, lan-eremu espezifikoetan, hala nola energia berriztagarrietan, hiri-berroneratzean edo ekonomia zirkularrean, industrian, lehen sektorean edo larrialdietan, eta zeharkako eta beharrezko eremuetan, berrikuntzan esaterako.

Munduko Aliantza

Ildo horretan, sailburuak gaineratu duenez, "klima-aldaketari erantzuteko ekintza gehiago behar dira; horregatik, gaur ere urrats bat ematen dugu euskal industria herrialdearen erronka honen buruan jartzeko apustuan".

Horrela, Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Net Zero Industria Klusterraren Aliantza bultzatuko du. Aliantza horren bidez, euskal industriak 2050ean zero isurketa garbiak egiteko konpromisoa hartuko du, eta asteazken honetan eratu eta aurkeztuko dute Barakaldoko BECen.

Tokiko ekimen bat da, eta bertan industria-klusterrek parte hartuko dute, aliantza horren enpresa sortzaileen (Petronor eta Iberdrola) inplikazioarekin, eta "mundu mailako hurrengo jauzia" eman nahi du.