19:38

Ekonomia

Lege-dekretuaren bozketa

Diputatuen Kongresuak konpainia elektrikoei murrizketak aplikatzea babestu du, aldaketarik gabe

Agentziak | EITB MEDIA

Horrela, PSOEk eta Unidas Podemosek babesteaz gain, lege-dekretuari baiezko botoa eman diote ERC, EH Bildu, CUP, Mas Pais-Equo, BNG, Compromis, Teruel Existe, PCR eta Nueva Canarias alderdiek. EAJ, Junts eta PDeCAT abstenitu egin dira.

1:6
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Konpainia elektrikoen ezohiko etekinak murrizteko lege-dekretua onartu du Diputatuen Kongresuak. Gainera, tramitazioa aldaketarik gabe egingo dute, lege-proiektu gisa onartzea atzera bota baitute.

Horrela, PSOEk eta Unidas Podemosek babesteaz gain (koalizio gobernua osatzen duten indarrek 155 boto dituzte), lege-dekretuari baiezko botoa eman diote ERC (13), EH Bildu (5), CUP (2), Mas Pais-Equo (2), BNG (1), Compromis (1), Teruel Existe (1), PCR (1) eta Nueva Canarias (1) alderdiek.

Guztira, 182 diputatuk babestu dutenez, gehiengo absolutua lortu du. PPk (88 diputatu), Voxek (52), Ciudadanosek (9), UPNk (2) eta Foro Asturiasek (1), ostera, kontrako botoa eman dute. Bestalde,  EAJ (6), Junts (4) eta PDeCAT (4) abstenitu egin dira.

Teresa Ribera Trantsizio Ekologikorako presidenteordeak lege-dekretuaren defentsan azpimarratu duenez, neurri gehienak aldi baterako dira (mozkinen murrizketa martxoaren 31ra arte aplikatuko da), baina "arrazoizko prezioetan" industriei hornitzen zaion energian ez aplikatzeko lanean ari dela esan du.

Argindarraren prezioak gora egin aurretik hitzartutako kontratuen kasuan, prezio egonkorretan epe ertain eta luzera baldintzak konpainia elektrikoekin eta industriarekin negoziatzen ari dela zehaztu du presidenteordeak.

Gaur egun, "iraileko aurreikuspenak (Gobernuak orduan onartu zuen lege-dekretua) zaharkiturik geratu dira", onartu du ministroak; beraz, "dagoeneko hartutako neurriak berriz aztertzera eta egokitzera beharturik gaude".

Esan bezala, argindarraren prezioaren gorakadari aurre egiteko lege-dekretua defendatu du presidenteordeak Ganberan. Konpainia elektrikoei ezohiko etekinak murriztea neurri nagusia da; izan ere, nazioarteko merkatuetan gasaren gainkostua bere gain hartu barik, mozkin askoz handiagoak erdietsi dituzte.

Eztabaida parlamentarioan, ezkerreko indarrek neurriak txalotu dituzte, baina aldi baterako izatea eta urrunago ez joatea deitoratu dute.

"Konpainia elektrikoei herriaren kontura diru guztia irabazten uzteak Gobernua erortzen lagundu dezake. Herriak jarri zuen Gobernua, ez konpainia elektrikoek", adierazi du Oskar Matutek. Konpainia handien "xantaia" eta "bahiketa egoera" salatu ditu.

EAJren arabera, sistema marjinalistari buelta bat eman behar zaio, eta eragotzi egin behar da zentralak dituzten konpainiek horiekin "jokatzea", martxan jarriz edo geldituz "mozkin handiagoa lortzeko" edo "prezioak aldatzeko", baina dekretua "aldatzen edo zuzentzen ez bada" azkenean "kontrako efektua" izango duela ohartarazi du.

"Ez da amore ematea, aldatzea baizik, salneurri finkoari kalterik ez egiteko", esan du Idoia Sagastizabal bozeramaile ekonomiko jeltzaleak, industriaren prezio egonkorreko, aldebiko eta epe luzeko kontratuei erreferentzia eginez.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena