Ekonomia
LANGABEZIA DATUAK
Irailean 4.133 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu eta lehendakariordearen hitzetan, enplegua "etengabe" suspertzen joan da Euskadin. Nabarmendu duenez, irailean langabeziak azken 15 urteetan izan duen beherakadarik handiena izan du.
-
Irailean 4.133 langabe gutxiago zenbatu dituzte Hego Euskal Herrian. Irudia: EITB Media
Irailean, 2.768 langabe gutxiago zenbatu dituzte Euskal Autonomia Erkidegoan, abuztuan baino % 2,26 gutxiago. Guztira, 119.492 pertsona daude lanik gabe. Nafarroan, berriz, 1.365 langabe gutxiago zenbatu dituzte, aurreko hilabetean baino % 4,01 gutxiago. Denera, 32.688 pertsona daude langabezian Foru Erkidegoan.
Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak eta Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak astelehen honetan jakitera eman dituzten datuen arabera, 2020ko irailarekin alderatuta, 25.266 langabe gutxiago daude EAEn, hau da, % 17,45 gutxiago. Langabeziak behera egin du gizonen artean (-1.198) eta emakumeen artean (-1.570).
Araban, % 2,47 egin du behera langabeziak, abuztuan baino 567 langabe gutxiago zenbatu baitituzte. Gipuzkoan % 1,80 jaitsi da (603 langabe gutxiago), eta Bizkaian % 2,30 (1.598 langabe gutxiago).
2020ko iraileko datuekin alderatuz gero, Gipuzkoak % 19,99ko jaitsiera erlatiboa izan du langabeen kopuruan (-7.850). Atzetik daude Araba, % 19,78ko jaitsierarekin (-4.965) eta, Bizkaia, % 15,49ko jaitsierarekin (-12.451).
Nafarroan, 1.365 langabe gutxiago zenbatu dituzte irailean, % 4,01 gutxiago. Guztira 32.688 langabe daude Foru Erkidegoan, aurreko urtean baino 5.475 gutxiago, hau da, % 14,31 gutxiago.
15 urteetan izan duen beherakadarik handiena balioetsi du Jaurlaritzak
Idoia Mendia Lan eta Enplegu sailburu eta lehendakariordearen hitzetan, enplegua "etengabe" suspertzen joan da Euskadin, eta, nabarmendu duenez, irailean langabeziak azken 15 urteetan izan duen beherakadarik handiena izan du.
Ohar batean, langabeziak sektore guztietan behera egin duela azaldu du lehendakariordeak, baita lurralde guztietan, gizon eta emakumeen artean eta ia adin-tarte guztietan ere. Era berean, pandemiak eragindako krisiaren ondorioz suntsitutako enpleguaren % 92 berreskuratu dela gogorarazi du.
25 urtetik beherakoen artean, eta aurretik lan esperientziarik ez dutenen artean, langabeziak gora egin badu ere, Mendiaren iritziz "irail guztietan errepikatzen den datua" da hori, "ikasketak amaitzen dituzten gazteak direlako eta, uda ostean, lan eskatzaile gisa sartzen direlako".
Sailburuaren esanetan, pandemiaren aurretik zeudenak baino 2.200 langabe gehiago daude oraindik, baina "duela urtebete baino 27.000 gutxiago". Datu horiek "aukera berrien etorkizuna islatzen dutela uste du, eta kalitatezko enplegua sortzen jarraituko dutela gogora ekarri du, inklusiboa eta berdintasunezkoa izango dena.
Kontratuen behin-behinekotasuna eta prekarietatea
Iraileko datuak aintzat hartu dituzte sindikatuek, baina sortutako lanpostuen behin-behinekotasuna kritikatu dute; izan ere, kontratu berrien % 90 aldi baterako izan dira. Era berean, gazteen langabeziari eta epe luzeko langabeei erantzun bat eman behar zaiela azpimarratu dute.
Covidaren krisiak emakumeen egoera "aldatu ez" duela kritikatu du ELAk ohar batean; izan ere, "langabeen % 57,5 dira". Bestalde, gazteen langabeziak "berriro gora" egin duela salatu du sindikatu abertzaleak. Aldi berean, kontratuek "aurreko hilabeteetako ezaugarri berdinak" dituztela kritikatu du: "prekarioak eta aldi baterako".
Langabeziak, oro har, behera egin duela uste du LABek, baina 2019arekin alderatuta, oraindik "% 5,63 handiagoa da, eta gazteen artean portzentajea % 20,79ra arte igotzen da". Lanpostuen "prekarietate ikaragarria" kritikatu du sindikatu abertzaleak; izan ere, "sinatutako kontratu berrien % 92" behin-behinekoak izan ziren. Gainera, oraindik aldi baterako lan erregulazioan 9.491 langile daudela gogorarazi du LABek.
UGTren hitzetan, langabeziaren beherakada "oso positiboa" da, baina "elkarrizketa sozialeko mahaian" adostutako akordioak "martxan jartzeko unea" iritsi dela uste du. Planteamendu "konkretuak dira, enplegua lortu eta mantentzeko", azpimarratu duenez.
Azkenik, CCOOren ahotan, irailak abuztuan galdutakoaren zati bat berreskuratu du, baina enplegu bat bilatzen ari direnen kopuruak "etengabe gora" egiten jarraitzen duela eta Euskadin "duela bi urte baino 20.000 afiliatu gutxiago" daudela gogorarazi du.
Chiviteren ustez, enpleguaren susperraldia sendotzen ari da
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidentearen ustez, iraileko langabeziaren datuek agerian uzten dutenez, "enpleguaren susperraldia egonkortu" dela, pandemiaren aurretik adierazitakoen antzeko mailak islatzen dituztelako.
"Langabeziak zazpigarren hilabetez jarraian egin du behera, 2019. urte amaierako mailan kokatuta", esan du ekintzailetza zerbitzu berri bat aurkezteko Burlatako Iturrondoko Enplegu Agentzia Integralera egin duen bisitan. Era berean, adin tarte guztietan kontratazioak gora egin duela azpimarratu du.
Hala ere, "berri oso onak izan arren, enpleguaren alorrean badira oraindik elementu kritikoak: iraupen luzeko langabeak, emakumeak, gazteak eta 54 urtetik gorakoak. Eta hor jarri nahi ditugu indarrak, horiek baitira Enplegu Planaren lehentasun nagusiak", esan du.
Horretarako, eragile sozial eta ekonomikoekin hitzarmen sozialak egitea babestu du, eta Nafarroako Enplegu Planaren onarpenarekin bide hori hasita dagoela gogorarazi du; izan ere, "eragile sozial guztiak gonbidatu genituen, eta parte hartu nahi izan duten guztiek parte hartu dute", erantsi du.
76.113 langabe gutxiago Espainiako Estatuan
Espainiako Estatuan, berriz, 76.100 langabe gutxiago daude irailean; hilabete honetan sekula gertatu den beherakadarik handiena izan da.
Gizarte Segurantzako afiliatuen batez besteko kopuruak, berriz, gora egin du: 57 387 afiliatu gehiago. Lan Ministerioak emandako datuen arabera, 19.531.111 afiliatu daude guztira, eta 3.257.802 langabe.