10:27

Ekonomia

Argindarra eta gasa

Frantziako Gobernuak energiaren garestitzea arintzeko neurriak iragarri ditu

agentziak | eitb media

Gasaren prezioa ezingo da gehiago igo, hilabete honetako % 12,6ko gorakadaren ostean. Argindarraren kasuan, gehienez % 4 igoko da.

  • Jean Castex Frantziako lehen ministroa. Argazkia: Efe

    Jean Castex Frantziako lehen ministroa. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Jean Castex Frantziako lehen ministroak atzo iragarri zuen neurriak hartuko dituztela gasaren eta argindarraren garestitzeari aurre egiteko. Hala, gaur indarrean sartu den gasaren prezioaren % 12,6ko igoeraren ostean, ezingo da gehiago garestitu; eta argindarraren kasuan, gehienez % 4.

Castexek atzo TF1 kate publikoan egindako adierazpenetan, prezioei eustearen arrazoia familien erosteko ahalmena ez gutxitzea dela esan zuen.

"% 12,6ko igoera ezarri egingo da, baina azkena izango da", esan zuen gobernuburuak gasari erreferentzia eginez. Gasaren prezioa 2022ko apirilera arte egongo da maila horretan.

Gorakada horrek polemika sortu du kontsumitzaileen artean. Izan ere, 2013tik izan den garestitze handiena da, eta urte osoa aintzat hartuta, % 60 hazi da prezioa.

2019ko datuetan oinarrituta, Frantziako Estatuko etxebizitzen % 12 "energia prekarietate egoeran" bizi ziren, soldaten % 8 baino gehiago gastatzen zutelako energia fakturetan.

Gas naturalaren % 99 inportatu egiten da Frantziako Estatuan, eta nazioarteko energia merkatuetan dagoen tentsioa areagotu egin da. Horren ondorio da prezioaren gorakada.

Argindarraren kasuan, araututako merkatuko kontsumitzaileentzat % 10eko igoera egin behar zuten 2022ko otsailean, baina Castexek jakinarazi du igoera % 4 baino handiagoa ez izateko neurriak hartuko dituztela.

"Garestitzea atzerrian baino txikiagoa da guk ekoizten dugula kontsumitzen dugun ia guztia, energia nuklearrari eta berriztagarriei esker", azpimarratu zuen lehen ministroak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena