Ekonomia
Energia berriztagarriak
Agentziak | EITB MEDIA
Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak uste du "energia berriztagarrien sorrera bizkortu" behar dela, "modalitate eta dimentsio guztietan".
Tapia, agerraldiaren une batean. Argazkia: Irekia
Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak energia berriztagarriaren alde Jaurlaritzak duen apustua berretsi du, baina zehaztapena egin du horren ildoan: "Parke eoliko gehiago egiteko apustuaren alde, bai, baina azterketa zorrotz bat eginda eta, ingurumenari dagokionez, bermatzaileak izanik.
Modu horretara baieztatu du Tapiak gaur goizean zabaldutako albistea, Jaurlaritzak uko egin diola Arkamo mendilerroko eta Iturrietako mendietako (biak ala biak Araban) parke eolikoak altxatzeari, ingurumenean duten eragina kontuan hartuta. Beste bi proiektuei, Labrazako (Arabako Errioxan) eta Azazetako (Mendialdean) parkeei, ez die oztoporik jarri.
Bilbon Expasion egunkari ekonomikoak antolatutako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok sailburuak. Tapiaren esanetan, "Euskadin energia sortu behar dugu. Energia asko behar duten enpresak ditugu. Gure herriak ezin du instalazio fotovoltaikoekin bakarrik bizi, ez da nahikoa", azpimarratu du.
Horren harira, esan du Jaurlaritzaren helburua dela EAEn kontsumitzen den energiaren % 20 energia berriztagarrien bitartez lortzea. "Erronka bat da eta beharrezkoa da", adierazi du Tapiak. "Argi daukagu herri apustua izango dela, eta horretarako erakundeen, gizarte-eragileen eta tokiko eragileen lankidetza landu nahi dugu", erantsi du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa