Itxi

Ekonomia

Lan-gatazka

Epaitegi batek baliorik gabe utzi du PCB-ITP Aeroko aldi baterako lan-erregulazioa

AGENTZIAK | EITB MEDIA

LAB sindikatuak azpimarratu du zuzendaritzaren kontrako hirugarren ebazpena dela, aurrez ezarri zituen beste bi lan-erregulazio ere indargabetu zituztelako.

  • ITP-Aero enpresako langileen mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

    ITP-Aero enpresako langileen mobilizazio bat. Artxiboko argazkia: EFE

Bizkaiko Lurralde Auzitegiko epaitegi batek baliorik gabe utzi du PCB-ITP Aero enpresan ezarritako aldi baterako lan-erregulazioa. LAB, ELA eta CCOO sindikatuek helegitea jarri zuten, eta epaileak arrazoia eman die langileen ordezkariei.

LAB sindikatuak "oso positibotzat" jo du ebazpena, eta gogora ekarri du aurretik ere epaitegiek atzera bota dituztela enpresaren neurriak; izan ere, aurrez beste bina lan-erregulazio baliogabetu zituen, bata aldi baterakoa eta bestea behin betikoa.

Langileen eskubideak eta lanari lotutako araudiak urratzeari uzteko eskatu dio LABek zuzendaritzari. "Enpresaren itxikeriak PCB-ITPren fabriketako lantaldeen egonkortasuna arriskuan jartzen du", ohartarazi dute.

Ebazpena bete dezala eta errekurtsorik ez aurkezteko eskatu dio sindikatuak zuzendaritzari.

Horrez gain, Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, "enpresaren alde egin duelako, haren neurri injustuak, ilegalak eta gehiegizkoak babestuz".

LABen esanetan, kaleratutako langileak berriro hartzeko exijitu behar diote Eusko Jaurlaritzak eta Iñigo Urkullu lehendakariak ITP Aeroren erosleari. Epaiketa irabazi arren, langile horiek egun kalean segitzen dutela nabarmendu du sindikatuak.