10:37

Ekonomia

Butanoaren prezioa

Butano bonbonaren prezioa % 4,88 garestitu eta 16,12 eurora iritsi da

O. P. | Eitb Media

Duela astebete Espainiako Gobernuak ezarritako arintze-mekanismorik gabe, % 7,16 igoko litzateke botilaren prezioa, zergarik gabe. OCUk bonu sozial elektrikorako eskubiderik duten egiaztatzea gomendatzen die familiei.

  • Bonbona banatzaile bat. Argazkia: EFE

    Bonbona banatzaile bat. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ohiko (12,5 kg) butano bonbonaren gehienezko prezioa % 4,88 garestiagoa izango da gaurtik, eta 16,12 euro kostatuko da, atzo Estatuko Aldizkari Ofizialean (BOE) argitaratutako ebazpen baten arabera. Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak argitu duenez, azken sei urteetako preziorik altuena da. 

Berrikuspen honetako igoera lehengaia % 19,96 garestitu delako gertatu da. 

Butano bonbonaren gehienezko prezioa ez dago liberalizatuta, eta bi hilean behin berrikusten da; prezioak ezartzeko, nazioarteko merkatuetan lehengaien (propanoa eta butanoa) kostuari, garraioaren kostuari eta euroaren eta dolarraren arteko truke-tasari begiratzen zaio. 

Igoera hori are handiagoa litzateke, Espainiako Gobernuak berriki ezarritako arintze-mekanismoagatik ez balitz. Gasaren gehienezko aldaera % 5era mugatu du Gobernuak; muga hori gabe % 7,16 garestituko zen bonbonaren prezioa, zergak alde batera utzita. 

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Elkarteak (OCU) ohar baten bidez azaldu duenez, baimendutako gehiengotik oso gertu dagoen berrikuspen honen ostean, udan ohikoa izaten den beheranzko joera hautsi da, udan, normalean, jaitsi egiten baita prezioa.

Hala, butano bonbona % 29 garestitu da urtebetean, eta % 33 joan den azarotik hona, orduan 12,09 euroko prezioa baitzen. 

Elkarteak adierazi duenez, datorren prezio berrikuspenean, urrian, prezioak gora egingo du, azaroan igo egin ohi baita. 

OCUk familiei gomendatu die egiazta dezatela bonu sozial elektrikorako eskubiderik baduten ala ez. Bonu horrek urtean 124 eurorainoko laguntzak eskaintzen ditu, energia-iturria dena delakoa izanda ere. 1,2 milioi etxebizitzatan ez dute bonu hori baliatzen, horretarako baldintzak betetzen dituzten arren.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena