Ekonomia
Osoko bilkura
Agentziak | Eitb Media
Lehendakariak "berehalako" eta "lehentasunezko" 20 konpromiso aipatu ditu Politika Orokorreko Osoko Bilkuran, inbertsioa bultzatzeko eta Euskadi berrindartzeko.
Iñigo Urkullu ostegun honetako osoko bilkuran. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu lehendakariak iragarri duenez, Eusko Jaurlaritzak 1.600 milioi euroko inbertsioa egingo du datorren urtean, eta aurten bertan 250 milioi euroko ezohiko inbertsio plana gauzatzen hasiko dira.
Politika Orokorreko Osoko Bilkuran egindako hitzaldian, Urkulluk "berehala jarduteko" 20 konpromiso aipatu ditu, eta Eusko Jaurlaritzak ikasturte honetarako "lehentasunezkotzat" jo ditu "Euskadi berrindartzeko".
"Ekonomia eta enplegua suspertzeko" helburuarekin, Urkulluk "berehalako" ekimen baten berri eman du, "Euskadin inbertsioa bultzatzeko", eta "aurten bertan hasiko da".
Lehendakariak azaldu duenez, Finantzen Kontseiluan eta Kontzertuaren Batzorde Mistoan lortutako akordioek "egonkortasun bermea" eskaintzen diete euskal erakunde guztiei, "arlo fiskalean, finantzarioan eta aurrekontuetan".
Azpimarratu duenez, egungo Aurrekontua gauzatzeak eta 2022rako proposamenak "enplegua sortzeko eta inbertsio-plan bat bultzatzeko aukera ematen dute", "nazioartean ekonomiaren susperraldia" aurreikusten den egoera batean.
"Industria, zerbitzuak, eraikuntza, txikizkako merkataritza eta familien konfiantza hobetzen" ari direla azpimarratu du, eta aurten Barne Produktu Gordina (BPG) % 6,7 haziko dela esan du. Datorren urtean, berriz, hazkunde hori % 5,7koa izango dela adierazi du. Bere ustez, hazkunde horrek "pandemiaren aurreko jarduera maila lortzea ahalbidetuko du, diru-sarrera publikoak ere berreskuratuz".
Lehendakariaren esanetan, Eusko Jaurlaritzaren ezohiko inbertsio plana "dagoeneko martxan dauden baliabideekin" hasiko da eta "2022rako aurrekontu proposamenean" jarraipena izango du.
Urkulluk zehaztu duenez, ezohiko programa horren zenbatekoa 250 milioi eurokoa izango da, eta 2022ko Aurrekontuen proposamenak jasoko dituen 1.000 milioi euroei eta Europar Batasunetik helduko diren berreskuratze eta eraldaketa Funtsei gehituko zaie. Beraz, Eusko Jaurlaritzak 1.600 milioi euro inbertituko ditu guztira datorren urtean.
2021eko ezohiko programaren finantzazioa, funtsean, diruzaintzako gerakinetatik eta Aurrekontuan egindako eskualdatzeetatik dator.
Urkulluren hitzetan, "gaitasun gehigarri" hori lau inbertsio lehentasunetara bideratuko da, lehenik eta behin, azpiegitura sozialetara (hezkuntzakoak, soziosanitarioak, kulturalak eta etxebizitzak), eta proiektu horiek programaren % 50 jasoko dute.
Bigarrenik, azpiegitura ekonomikoak (industrialak, teknologikoak eta digitalak), "industriaren eta zerbitzu aurreratuen eraldaketa eta dibertsifikazioa areagotzea" helburu dutenak.
Baliabideak energia eta ingurumen azpiegituretarako ere izango dira, Euskadi "energia berriztagarriaren iturri berrien, biodibertsitatearen eta klima aldaketaren aurkako borrokaren buruan" kokatzeko.
Urkulluk trantsizio energetikoa eta ingurumenekoa defendatu du "herritarren bizi-kalitatea hobetzeko tresna" gisa.
Azkenik, komunikazioen azpiegiturak aipatu ditu, "trenbide eta portu arloan martxan dauden proiektuak bizkortzeko unea delako".
Urkulluk azpimarratu duenez, Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan lortutako akordioek, besteak beste, aurrekontuen egonkortasunari buruzkoak, "ziurtasuna ematen dio Euskadiri defizitaren eta zorraren inguruan".
lehendakariak esan du dagoeneko eman dituztela "eraldaketa global hirukoitzari aurre egiteko lehen urratsak: teknologiko-digitala, energetiko-ingurumenekoa eta soziosanitarioa", eta bere konpromisoetako batzuk aurreratu ditu, besteak beste, I+Gra bideratutako aurrekontuak % 6 handitzea urtean.
Halaber, ikerketa zientifikoak Ikerbasque eta IKUR 2030 Estrategia indartuko dituela azpimarratu du, eta lau urtetan Neurozientzietan, Teknologia kuantikoetan, Neutronikoan, Superkonputazioan eta Adimen artifizialean 100 milioi euroko inbertsioa egingo dutela. "Euskadi Europako eskualde liderra izatea da gure helburua", azpimarratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa