20:08

Ekonomia

Foro Nuklearra

Enpresa elektrikoek prezioak jaisteko neurriak kritikatu dituzte eta nuklearrek gelditzeko mehatxua egin dute

Agentziak | EITB Media

Espainiako Gobernuak iragarritako neurriak beraien kalterako direla adierazi dute konpainia elektrikoek, eta CO2aren lege-proiektuak zentral nuklearren itxiera ekarriko duela ohartarazi du Foro Nuklearrak.

  • Zoritako (Guadalajara) zentral nuklearra. Artxiboko irudia: EiTB Media

    Zoritako (Guadalajara) zentral nuklearra. Artxiboko irudia: EiTB Media

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Konpainia elektrikoek eta Foro Nuklearrak gogor kritikatu dituzte Espainiako Gobernuak argindarraren prezioa murrizteko iragarri dituen neurriak, beraien interesen aurkakoak direla iritzita.

Espainiako Energia Elektrikoaren Enpresen Elkarteak (Aelec) kontsumitzaileak babesteko "konponbide benetan eraginkorrak" bilatu ditzala eskatu dio Espainiako Gobernuari, eta berretsi egin du merkatu maioristan argindarraren prezioak gora egin badu, gasaren prezio altuengatik dela.

Konpainia elektrikoaren patronalaren ustez, sektorea "bidegabeki zigortuko" dituzte neurri horiek, eta onartezintzat jo du zentralei aparteko irabazien zati bat kentzea.

Elkarte horren arabera, konpainia elektrikoak ez dira egoera honen erantzuleak eta ez dute hortik etekinik ateratzen. Halaber, energia enkantera ateratzea nahitaezko baldintza izatea kritikatu du, 2007an gauza bera egin zela eta prezioak jaisteko balio ez duen neurria dela azpimarratuta.  

Gauzak horrela, konpainia elektrikoek berriro eskatu dute argindarraren tarifa arautua eguneratzea, kontsumitzaileak merkatuaren gorabeheretatik babesteko. Halaber, elektrizitatearen ekoizpenarekin, garraioarekin eta banaketarekin zerikusirik ez duten kontzeptuak fakturatik kentzea eta zerga-sistema erreformatzea galdegin dute.

Bestalde, Foro Nuklearrak ziurtatu du Espainiako Gobernuak CO2aren dibidendua arautzeko lege-proiektua onartzen baldin badu ekoizpena gelditu beharko dutela zentral nuklearrek. Karbono dioxidoa ez isurtzearen truke zentral nuklearrek lortzen dituzten mozkinak murrizteko asmoa du Exekutiboak neurriarekin.

Gainera, sektore nuklearreko patronalak agiri batean deitoratu duenez, Ministroen Kontseiluak argindarraren faktura merkatzeko onartu dituen neurri berriek, nahiz eta aldi baterako izan, "jatorri nuklearreko argindarra are gehiago zigortzen dute".

Foro Nuklearraren hitzetan, CO2 lege-proiektuak eta sektoreak pairatzen duen "gehiegizko presio fiskalak" ezinezko egingo dute martxan jarraitzea. Lege-proiektuak 2003 aurreko zentral elektriko hidrauliko, nuklear eta eolikoen etekinak murrizteko helburua du, argindarraren faktura merkatzeko.

Podemoseko kargudunek berehala enpresa elektrikoen "xantaia" eta "mehatxua" kritikatu dute. Ione Belarra Podemoseko idazkari nagusiak "jokabide antidemokratiko onartezina" dela uste du.

Era berean, Pablo Fernandez Podemoseko bozeramaileak salatu duenez, "Gobernuari eta herritar guztiei gerra deklaratu digute". "Xantaia onartezina da, ez litzateke gertatuko Espainian energia enpresa publikoa egotekotan", gaineratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena