Ekonomia
Argindarraren faktura
O.P. | EITB MEDIA
Zortzi neurrirekin zergak jaistea, konpainiak kontrolatzea eta ahulenak babestea bilatzen da. Gobernuaren kalkuluen arabera, fakturaren zati arautua % 47,2ra jaitsiko dute (etxebizitzetan) eta % 24,5era (industrian).
Espainiako Gobernuak neurri berriak iragarri ditu, gasaren nazioarteko kotizazioen prezio garestiaren eta CO2aren kostuen igoeraren ondorioz, energia prezioak azken hilabeteetan jasaten ari diren igoera kezkagarria geldiarazteko.
Horretarako, Errege Lege Dekretu bat onartu du, zortzi neurri zehatzekin, gehienak argindarraren ordainagiria merkatzera bideratuak. Gobernuaren kalkuluen arabera, neurri horiekin fakturen zati arautua % 47,2 jaitsi ahal izango da etxebizitzetan eta % 24,5 industrian. Portzentaje horri, gero, presio fiskal txikiagoa gehituko zaio, hiru zerga aldatu baitira: Elektrizitatearen gaineko Zerga Berezia, Energia Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zerga eta gasaren tarifa arautua.
"Datozen hilabeteetarako iragarpenek aurrekaririk gabeko espiral bat markatzen dute, elektrizitatearen prezioan anplifikazio-efektua eragiten duena eta, ezinbestean, familien ongizateri eta Espainiako ekonomiari bere osotasunean zuzeneko kaltea eragiten diona", adierazi du Teresa Ribera Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteorde eta Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako ministroa Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
Iragarritako neurriak, alde batetik, elektrikoen eta merkaturatzaileen jarduera eta onura kontrolatzera bideratuta daude. Bestalde, energiaren gaineko zergak murrizten dira, eta horrek fakturan berehalako murrizketa ekarriko du. Eta, azkenik, gizarte-izaerako neurriak aurreikusi dira, zaurgarrienak babesteko eta urtegiak husteko mailak mugatzeko. Hona hemen neurriak banan bana azalduta.
Zergak murrizteko neurriak
Espainiako Gobernuak energiaren gaineko zergak aldatuko dituela iragarri du, fakturaren igoera arintzeko. Ekainetik indarrean dagoen BEZaren murrizketari gehitu behar zaizkio neurri horiek, orduan BEZa % 21etik % 10era jaitsi zuen. Espainiako Gobernuaren helburu nagusia kontsumitzaileei argindarraren ordainagiria merkatzea da, 2021ean, asko jota, 2018an ordaindu zuena ordain dezan kontsumitzaileak, urtean 600 euro inguru batez beste.
Dekretuak, alde batetik, Elektrizitatearen gaineko Zerga Berezia % 5,11tik % 0,5era murriztuko du urte amaierara arte. Zerga horrek etxeen eta enpresen argindarraren ordainagiria zergapetzen du, eta autonomiek kobratzen dute. Dekretuak autonomia erkidegoei konpentsazioa emateko aukera jasotzen du, bilketaren murrizketa horrek erkidegoaren kaudimenari eragiten badio.
Bestalde, Energia Elektrikoaren Ekoizpen Balioaren gaineko Zerga etenda egongo da urte amaierara arte; hirugarren hiruhilekoan eten zen zerga hori.
Gainera, gasaren prezioaren igoera % 5era mugatuko da gehienez hurrengo bi hiruhilekoetan, hala, aldatuko etxeko kontsumitzaileen tarifa arautua ez da horrenbeste aldatuko.
Konpainien gaineko kontrola
Horrez gain, konpainiek argindarraren prezioaren gorakadan duten eragina mugatu nahi du Espainiako Gobernuak eta horretarako neurri zehatzak hartu ditu.
Alde batetik, zentral nuklearren, hidroelektrikoen eta zenbait parke eolikoren irabazietatik 2.600 milioi euro murriztuko ditu. Alabaina, 20 euro/MWh-tik gorako irabaziak soilik hartuko dituzten kontuan eta ohiz kanpoko diru-sarreren % 90a bakarrik kenduko zaie.
Konpainiek diru hori Merkatu eta Lehiarako Batzordeak kudeatzen duen funts baten esku utzi beharko dute eta honek baliabide horiek kontsumitzailearen faktura merkatzeko erabiliko du.
Energia epe luzera erosteko enkanteak diruz lagunduko dituzte, Estatuan garatu gabe dagoen merkatu berri bati bide emanez.
Trantsizio Ekologikorako eta Demografiarako Ministerioak egutegi bat egingo du enkanteetarako, eta lehendabiziko urtea amaitu aurretik antolatuko dute. Iberdrolak, Endesak, Naturgyk eta EDP-k nahitaez hartu beharko dute parte.
Halaber, dekretuaren arabera, beste 900 milioi euro erabiliko dituzte sistema elektrikoaren karguak murrizteko.
Pertsona zaurgarrienak babesteko neurriak
Bestalde, neurri sozialak ere aipatzen dira dekretuan, pertsona zaurgarrienak eta ingurumena babeste aldera.
Hala, pertsona zaurgarrienei zuzendutako Bizitzeko Gutxiengo Hornidura sortzea erabaki dute, argindarraren zerbitzua ez eteteko aukera beste sei hilabetez –orain lau hilabetekoa da- luzatu ahal izateko. Gainera, 3,5 kilowatteko potentzia minimoa bermatuko zaie fakturak ordaindu ez dituzten kontsumitzaileei.
Uraren legean ere aldaketak egingo dituzte, baliabide horren erabilera zentzuzkoa izan dadin. Ekimen horren bidez ingurumenean, faunan eta floran kalteak eragitea saihestu nahi dute.
Halaber, udalerrietan ekonomia jarduera jasangarriak bultzatzea ezinbestekotzat jotzen dute.
Prezioa goraka etengabe
Bitartean, argindarraren prezioak gorako bideari eusten dio eta asteazken honetan beste marka bat hautsiko du: 172,78 euro/MWh.
Astearte honetan, berriz, bataz besteko prezioa 153,43 eurokoa da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa