Itxi

Ekonomia

Zaldibar

Zaldibarko zabortegiko akusatuak ez dira espetxera joango, Fiskaltza eta familiekin akordioa egin baitute

Berezi Fernandez | EITB Media

Sei hilabeteko kartzela zigorra onartuko dute hiru akusatuek, zuhurtziagabekeriazko giza hilketaren delituarengatik.

  • Zaldibarko zabortegia

    Zaldibarko zabortegia. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia

Zaldibarko zabortegiko hiru arduradunak, Fiskaltza eta biktimen familiek akordioa egin dute, Euskadi Irratiak aurreratu duenez. Sei hilabeteko kartzela zigorra onartuko dute hiru akusatuek, zuhurtziagabekeriazko giza hilketa eta langileen segurtasunaren kontrako delituengatik. Bi aldeek kartzela zigorra ez betetzea adostu dute, baita familiei ordaindu beharreko kalte-ordainaren zenbatekoa ere.

Verter Recycling enpresak baieztatu duenez, uztailean egin zuten akordioa, eta Bilboko Zigor arloko Epaitegiak berretsi beharko du. Bertan bilduko dira enpresako arduradunen, Fiskaltzaren eta akusazio partikularraren abokatuak, hitzarmena onartu eta prozedura judizialak aurrera egiteko.

Akordioan hitzartutakoaren txostena Durangoko I. Instrukzio Epaitegiaren esku dago uztailetik. Bertan, frogatutzat ematen da zabortegiko arduradunek bazutela hondakindegian zeuden arrisku larrien berri. Izan ere, luizia izan baino bi egun lehenago zabortegian zeuden pitzaduren berri eman zieten enpresaburuei, azterketa topografiko bat egin ostean. Arazoaz ohartarazteaz gain, azterketa egin zuten profesionalek lan-jarduna berehala eteteko gomendioa egin zieten enpresako arduradunei.

Txostenean irakur daitekeenez, Fiskaltzak frogatutzat eman du, hondakindegia arriskuan zegoela jakin arren, akusatuek ez zutela ezer egin gertatutakoa saihesteko; ez zituztela langileak ohartarazi, ez zutela aparteko segurtasun neurririk hartu, ezta jarduna eten ere.

Horrela, Fiskaltzaren bertsioa ontzat eman dute Jose Ignacio Barinaga enpresako nagusiak, Arrate Bilbao kudeatzaileak eta Juan Etxeberria zabortegiko segurtasunaren arduradunak. Hiru aldeek onartu dute sei hilabeteko espetxe zigorra, baita zigorra ez betetzea ere. Ordainetan, Verter Recycling enpresaren kalte-ordaina jasoko dute Sololuzeren eta Beltranen sendiek.

Badago, baina, txostenean argitu gabeko auzi bat: ingurumenaren kontrako delituarena. Euskadi Irratiak baieztatu duenez, zabalik jarraitzen du delitu horren inguruko ikerketak.

Bestalde, herri-akusazioak, Euskal Herriko Euskubide Sozialen Gutunak eta Zaldibar Argitu plataformak osatua, ziurtatu dute erantzule guztiak topatuko diuztela, "baita politikoak ere".