14:43

Ekonomia

PENTSIOAK

Ministroen Kontseiluak pentsioen erreformaren lege-proiektua onartu du

o.p. | eitb media

Lehen neurri-sorta onartu du, besteak beste, jasangarritasun-faktorea indargabetzea, lan-bizitza borondatez zabaltzeko neurriak edo hitzarmen kolektiboetan hitzartutako nahitaezko erretiroa mugatzea barne hartzen dituena.

  • Pentsiodunen manifestazioa, maiatzean, Bilbon. Foto: EFE

    Pentsiodunen manifestazioa, maiatzean, Bilbon. Foto: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Gaur egin den Ministroen Kontseiluak, oporren etenaldiaren osteko lehenak, pentsioen sistema erreformatzeko lege-proiektua onartu du, lehen neurri-sortarekin, aurreproiektuak izapide guztiak gainditu ondoren. Parlamentuan eztabaidatu eta onartu beharko da orain, baina urtea amaitzerako neurriak prest izatea da helburua.

Araudi horrek aurreko urteko inflazioarekin lotzen du pentsioen errebalorizazioa, eta, beraz, 2013an onartutako jasangarritasun-faktorea ezabatuko da.

Pentsiodunen erosahalmena bermatzeko lege-aurreproiektua jendaurrean egon da uztailaren 16ra arte, eta hainbat txosten tekniko jaso ditu, bai eta Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren oniritzia ere.

Espainiako Gobernuaren, patronalaren eta sindikatuen arteko hainbat hilabeteko negoziazioaren ondorioz, pentsioen sistema erreformatzeko lehen neurrien inguruan lortutako akordio soziala ekainaren 28an argitaratu zen, eta uztailaren 1ean sinatu zuten CCOO eta UGT sindikatuetako buruek, CEOEk eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak.

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren erabaki horrek Toledoko Itunaren Parlamentuko Batzordearen gomendioei erantzuten die, eta, lege-proiektu bihurtu eta Gorteetara bidali ondoren, udazkenean izapidetuko da 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean jartzeko helburuarekin.

Pentsioen errebalorizazioaz gain, lehen neurri-sortak jasangarritasun-faktorea indargabetzea eta elkarrizketa sozialean doikuntza-mekanismo berri bat adosteko konpromisoa jasotzen ditu, 2027an aplikatzen hasiko litzatekeena.

Erreformaren lehen pieza horrek aurre-erretiroetarako koefiziente murriztaileei ere eragingo die, eta hainbat neurri hartuko ditu lan-ibilbidea borondatez luzatzeko, benetako erretiro-adina legezko adinera hurbiltzeko.

Hitzarmen kolektiboetan hitzartutako nahitaezko erretiroa ere mugatzen du, baina salbuespen batzuekin: kontratazio mugagabea sustatzea eta, sektore maskulinizatuenetan, emakumeen kontratazioa sustatzea.

Pentsiodunen eskaera

Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lortutako akordioaren ostean "pentsioen murrizketak larriagotu" egingo direla salatu du Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak, astelehen honetan, Bilbon egindako manifestazioan. Protestan, "Gizarte Segurantzako sistema publikoak bermatu beharreko pentsio publiko duinak eta nahikoak" eskatu zituzten.

Manifestazioaren hasieran, Andrea Uña Pentsiodunen Mugimenduaren ordezkariak gogorarazi zuenez, "Elkarrizketa Sozialerako Mahaian Gobernuak, CEOE-CEPYMEk, CCOOk eta UGTk lortutako akordioaren ostean azken urte hauetan ezagutu ditugun pentsioen murrizketak larriagotu egingo direla salatzea" da helburua.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena