Ekonomia
MASMOVIL EUSKALTEL
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Operadorea 2015etik izan da Burtsan, 2021eko abuztuaren 17ra arte, eta akzioko 10,94 euroko balioarekin utzi dio kotizatzeari.
Bi pertsona Euskalteleko eraikinaren aurretik paseatzen. Argazkia: EFE.
Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak Euskaltelen kotizazioa bertan behera utzi du astearte honetan, merkatuaren itxieran, MasMovilek hala eskatuta. Euskal operadorearen akzio-gehiengodun berriak, horrela, bide-orriari eusten jarraitzen du; tituluetako % 97,66 ditu, eta bere asmoa da Euskaltel azkar uztea merkatuetatik kanpo.
Horretarako, operadoreak nahitaezko salmentaren aukera baliatu du, konpainiaren tituluen % 100 eskuratze aldera, eta, Erosteko Eskaintza Publiko arrakastatsua egin ostean, Burtsatik at uzteko.
Euskaltel 2015etik izan da Burtsan, 2021eko abuztuaren 17ra arte, eta akzioko 10,94 euroko balioarekin utzi dio kotizatzeari, MasMovilek bere eskaintza publikoan egin zuen eskaintzatik (azkioko 11 euro) oso gertu.
Euskaltelek Burtsa utzita, Telefonica da orain Espainiako Estatuko burtsa-merkatuan dagoen telefonia-operadore bakarra; izan ere, MasMovil iaz utzi zuten kanpoan, Cinven, KKR eta Providence funtsek erosteko eskaintza publikoa egin ondoren.
MasMovil azkar hasi da erabakiak hartzen; Kontseilua birmoldatu du, eta Meinrad Spenger kontseilari delegatu izendatu du. Jose Miguel Garcia, orain arte Euskalteleko kontseilari delegatu bera, Kontseilutik irten da, eta konpainiaren kanpo-aholkulari izango da.
Horrez gain, telebista-negozioa Agile TVri saldu dio, 32 milioi euroren truke; horrela, taldearen telebista-zerbitzuak homogeneizatu ditu. Horiek Growthen kotizatzen duen konpainiaren zerbitzua erabiltzen dute jada.
Merkatuak itxi direnean, Euskaltelek Burtsan egin duen sei urteko ibilbidea amaitu da. 2015eko uztailaren 1ean hasi zen Euskaltel Burtsan kotizatzen, titulu bakoitzeko 9,50 euroko prezioarekin. Kutxabankek Euskaltelen akzioen % 49,9 zituen orduan.
Akzioen prezioa hainbat urtez gainbeheran egon ondoren, gora egin du, eta MasMovilek Euskaltel eskuratzeko eskaintza publikoa egin ostean iritsi da 11 eurora akzio bakoitzeko.
Hurrengo urratsa abuztuaren 27an izango da. MasMovilek nahitaezko salerosketa abiatuko du akzioak erosteko eskaintza publiko adiskidetsua onartu ez zuten akziodunen (guztien % 2,3 baino ez) tituluak eskuratzeko. Euskaltelen kapital sozialaren % 100 bereganatuko du horrela.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa