13:19

Ekonomia

Herri akusazioa

Zaldibar Argituk eta Eskubide Sozialen Kartak salatu dute zabortegiko auzi judizialetik at utzi dituztela

Agentziak | EiTB Media

Bi kolektiboen hitzetan, "herri akusazio sendo bat izatea ezinbestekoa da". "Hain zuzen ere, horregatik utzi nahi gaituzte kanpoan, benetan gertatutakoa argitzeko batere interesik ez dutelako", salatu dute.

  • Artxiboko argazkia: EFE

    Artxiboko argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Zaldibarko "hondamendiaren" auzian, langileen eskubideen aurkako deliturik izan ote den argitzeko prozeduratik "baztertu" dituztela salatu dute Zaldibar Argitu plataformak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, herri akusazioaren parte izateko aukerarik gabe utzi dituztelako.

"Zaldibarko zabortegiaren auzian, beharginen kontrako deliturik izan ote den argitzeko prozeduratik kanpo" utzi zituzten apirilaren 30ean, ohar batean azaldu dutenez. Ebazpen horren aurkako helegitea aurkeztu zuten maiatzaren 11n. Luizi batek bi langile harrapatu zituen zabortegian, 2020ko otsailaren 6an.

Bi kolektiboek deitoratu dutenez, "langileen eskubideak defendatzeko herri akusazio gisa aurkezteko eskubiderik ez dugula esan digute berriro orain", nahiz eta prozeduratik "baztertzeko nahikoa arrazoi juridikorik" ez izan.

"Herri akusazio gisa aurkezteko eskubiderik ez dugula esan digute berriro"

Zaldibar Argituk eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak azaldu dutenez, "ebazpenaren arabera, interes gehigarri berezi bat frogatu behar dugu, baina hori ez dago inongo legean jasota". Zentzu horretan, "delitu publikoa da", eta, beraz, "herritar gisa, herri akusazio bezala aurkezteko eskubidea dugu", gogorarazi dute.

"Erabakiaren atzean, eta Zaldibarko zabortegian gertatutako guztiaren atzean, gauza asko daude argitzeko", adierazi dute bi kolektiboek. "Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa pribatuen arteko harreman eta interes ilunak, beharginen eskubideen eta segurtasunaren urraketak, ingurumenaren aurkako ekintzak… Eta gertatutakoaren aurrean, inork ez du erantzukizunik onartzen; ez enpresak, ezta Eusko Jaurlaritzak ere", ohartarazi dute.

Horregatik, bi eragileen ahotan, "herri akusazio sendo bat izatea ezinbestekoa da". "Hain zuzen ere, horregatik utzi nahi gaituzte kanpoan, benetan gertatutakoa argitzeko batere interesik ez dutelako", salatu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena