Ekonomia
DSBEren legea
o.p. | eitb media
Sindikatuaren arabera, aurreikusitako zenbatekoak 2008ko legearen arabera aplikatu beharko liratekeenak baino "askoz txikiagoak" dira, eta erreforma berriak 2012an prestazioetan egindako murrizketei eusten diela salatu du.
Janire Landaluze eta Mikel Noval. Argazkia: ELA
ELA sindikatuak Eusko Jaurlaritzaren Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren (DSBE) lege-aurreproiektua atzera botatzeko eskatu du, murrizketei eta hartzaileak "kriminalizatzeko" joerari eusten dielako.
Mikel Noval eta Janire Landaluzek, ELAko azterketa bulegoko kideek, prentsaren aurrean aztertu dute Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailak proposatutako DSBEren erreforma, eta gogor kritikatu dute proposamen hori.
Sindikatuaren arabera, aurreikusitako zenbatekoak 2008ko legearen arabera aplikatu beharko liratekeenak baino "askoz txikiagoak" dira, eta erreforma berriak 2012an prestazioetan egindako murrizketei eusten diela salatu du.
Zehaztu dutenez, 2008ko legeak Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren araberako zenbatekoak ezarri zituen (% 88 bakarrik dauden pertsonentzat, % 113 bi pertsonako unitateentzat, % 125 hiru laguneko unitateentzat eta % 100 pentsiodunentzat); beraz, irizpide horiek aplikatuz gero, 975 euroko diru-sarrerak izango lituzke pertsona bakar batek (hamabi hilekotan), eta 1108 eurokoa pentsiodunek.
Duela hamarkada bat, 2012an ezarritako murrizketen ondoren, gaur egun prestazioa 706 eurokoa da pertsona bakar batentzat, eta 810 eurokoa pentsiodunentzat.
Proposatutako erreformarekin, DSBE arrunta antzera geratuko da, eta pentsiodunentzako prestazioa 893 euroraino igoko da, 2008ko legea aplikatuz gero legokiokeena baino gutxiago.
ELAko ordezkariek ohartarazi dutenez, proposatutako erreformak "atzerapauso gehiago dakartza", besteak beste, etxebizitzarako prestazio osagarria desagertzea eta gutxieneko 2 urteko erroldatzea proposatzea adingabeak dauden kasuetan (3 urte gainerako kasuetan), 2008arekin alderatuta (urtebetekoa) murrizketa bat dela iritzita.
Mikel Novalek, halaber, DSBEa jasotzen dutenen "kriminalizazio kanpaina etengabea" salatu du; bere ustez, aurreproiektuak aurretik planteatutako erreformen ildotik jarraitzen du.
Zentzu horretan, ELAko ordezkariek gaitzetsi dute, erreforma honekin bi urtean behin berritzen jarraitzeaz gain, zenbatekoa hiru hilean behin eguneratzea aurreikusten dela, eta kontrol prozedurak sei hilabetez luza daitezkeela. Salatu dute, halaber, "teknika biometrikoekin eta adimen artifizialarekin", egiaztatuko dela hartzaileen titulartasuna eta "Lanbideko ikuskatzaileek autoritate agente gisa egingo dituztela ikuskapen horiek".
Novalek deitoratu dienez, "Tubacex edo Petronor bezalako enpresek Sozietateen gaineko Zergan irabaziengatik eurorik ordaintzen ez duten bitartean, mozkin horiek milioidunak izan arren, egoera okerrenean dagoen jendearen gaineko iruzurrean jartzen da arreta", gizarte-prestazioetan iruzurra "hutsala" denean.
ELAko ordezkariek salatu dute, halaber, proposatutako erreformak ez duela jasotzen "Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak Herri Ekimen Legegilean egindako eskaera bakar bat bera ere. Eusko Jaurlaritzak atzer abota zuen eskaera horren izapidea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa