Ekonomia
Enplegua
Agentziak | EITB Media
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Euskadik % 10,1eko langabezia-tasarekin amaituko du urtea, eta 2022an % 9,5era jaitsiko du. 2020an, langabeziaren batez bestekoa % 10,5ekoa izan zen.
Langile bat, Bilbon. Artxiboko argazkia: EFE
Euskadiko langabezia-tasa % 10,3ra jaitsi da urteko bigarren hiruhilekoan (lehen hiruhilekoan baino 0,8 puntu gutxiago), eta 7.100 langabe gutxiago zenbatu dituzte, 108.600era iritsi arte.
Eustat Euskal Estatistika Erakundeak bigarren hiruhilekoari buruzko Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkestaren (BJA) datuak eman ditu ostiral honetan. Inkestaren arabera, langabeziak behera egin du eta okupazioak gora egin du, aurreko hiru hilabeteekin alderatuta.
Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), 108.600 langabe zenbatu dituzte, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 7.100 gutxiago (% 6,1 gutxiago).
Gizonezko langabeen kopuruak (55.600) behera egin du, aurreko datuekin alderatuta 3.700 (% 6,2) gutxiago zenbatu baitira. Emakumezko langabeen kopuruak ere behera egin du, 53.000raino, 3.400 (% 6) langabe gutxiagorekin. Gizonezkoen langabezia-tasa % 10,1ekoa da (-0,8 puntu) eta emakumezkoena % 10,5ekoa (0,8 puntu).
Lurraldeka, Bizkaian 0,7 puntu jaitsi da langabezia-tasa, % 11,4ra iritsi arte. Araban 0,7 puntu jaitsi da, % 11,1era arte, eta Gipuzkoan puntu bat egin du behera, % 8,2ra iritsi arte.
Euskadiko egoera Europar Batasunekoa baino okerragoa da, maiatzean % 7,3koa izan baitzen, baina Espainian baino hobea (% 15,3koa zen).
Eusko Jaurlaritzaren arabera, Euskadik % 10,1eko langabezia-tasarekin amaituko du urtea, eta 2022an % 9,5era jaitsiko du. 2020an, langabeziaren batez bestekoa % 10,5ekoa izan zen.
Okupazioari dagokionez, bigarren hiruhilekoan 944.300 pertsona zeuden lanean, hau da, 15.100 gehiago aurreko hiruhilekoarekin alderatuta (+% 1,6).
Lurraldeka, Gipuzkoan hazi da gehien okupazioa (6.900 pertsona), gero Bizkaian (6.100 gehiago) eta azkenik Araban (2.100 gehiago).
Emakumeen artean (8.200) gizonen artean (6.900) baino gehiago hazi da, eta espainiar langileen artean (13.800) atzerritarren artean baino gehiago (1300).
Okupazioak sektore guztietan izan du gorakada, batez ere zerbitzuetan (9.300 pertsona), industrian (4.400), lehen sektorean (1.300) eta eraikuntzan (300).
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa