21:24

Ekonomia

Susperraldi-plana

EBk azken oniritzia eman du Espainiak europar funtsak jaso ditzan

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Hala, espainiar Estatua 2026ra arte EBren susperraldi-funtsak pandemiagatik emango dizkion 69.500 milioiak jasotzen hasi ahalko da.

  • Nadia Calviñok EBren erabakia aztertu du

    Nadia Calviñok EBren erabakia aztertu du. Artxiboko argazkia: EFE.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Europar Batasuneko (EB) Ekonomia eta Finantza ministroek azken oniritzia eman diote astearte honetan Espainiako susperraldi-planari; hortaz, espainiar Estatua 2026ra arte EBren susperraldi-funtsak pandemiagatik emango dizkion 69.500 milioiak jasotzen hasi ahalko da.

Lehen ordainketa 9.000 milioi eurokoa izango da; Europako Batzordearen aurreikuspena da hurrengo asteotan ematea, azken dokumentu ofizialak sinatuta.

Espainiaren planaz gain, ministroek herrialde hauetako planak ere onartu dituzte: Austriarena, Belgikarena, Danimarkarena, Frantziarena, Alemaniarena, Greziarena, Italiarena, Letoniarena, Luxenburgorena, Portugalena eta Eslovakiarena. Horiek eskuratu zuten EBren abala gainerako herrialdeek baino lehen 800.000 milioiko funtsaz etekina ateratzeko.

Nadia Calviño Espainiako lehen presidenteorde eta Ekonomia ministroaren iritziz, EBren oniritziak "Next Generation funtsaren inbertsioak eta erreformak ezartzeko bidea errazten du; hala, susperraldia indartsua, berdea, digitala, inklusiboa eta bidezkoa Europan". Hala idatzi du Twitterren Madriletik; Ministroen Kontseilu berriaren lehen bilera egin dute bertan.

Espainiak, funtsa baliatuz, hau egingo du: mugikortasun jasangarriaren programak ezartzea, etxebizitza birgaitzea, Administrazio publikoak modernizatzea edo enpresa txiki eta ertainak digitalizatzea, besteak beste. Halaber, erreforma batzuei helduko die: lan-merkatuarena, pentsioena, eta fiskala.

Bruselak uste du planak Barne Produktu Gordinaren % 2,5 emango diela herrialdeei soilik inbertsioen bidez; erreformaren eragina ere kontuan izanik, % 10ekoa ere izan liteke.

Pauso formal bat falta da

Kontseiluaren oniritzia eskuratuta, Espainiak 9.000 milioiko aurrerapena bereganatzeko, azken pauso formal bat falta da: Espainiako Gobernuak eta Europako Batzordeak finantzazio-akordioa sinatu behar dute. Espainiako Gobernuak ahalik eta lasterren egin nahi du, baina baliteke aste batzuk barru izatea.

Bruselaren ustez, akordioak uztailaren amaierarako egon litezke sinatuta, eta lehen ordainketak hurrengo asteotan egin litezke; hala adierazi dute Valdis Dombrovskis EBren presidenteordeak eta Paolo Gentiloni Ekonomia komisarioak. Gainerako ordainketak sei hilekoak izango dira, eta baldintzatuta izango dira: herrialdeek erakutsi beharko dute Batzordearekin finkatutako egutegian betetzen ari direla euren planen helburuak.

Espainiak, aurten, aurreikusten du 10.000 milioi euro jasotzea; 2020ko martxotik 2021eko ekainera arte, 50 helburu baino gehiago gauzatu ditu, eta, ondorioz, Pedro Sancehezen Gobernuak espero du arazorik ez izatea jasotzeko.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena