16:38

Ekonomia

Errenta aitorpena 2020

Aurreko urtean baino % 10 aitorpen gehiagorekin itxi du Bizkaiak Errenta kanpaina

Agentziak | EITB Media

Ogasuneko arduradunaren ustez, aitorpenak egiteko eredu berria “ez da txarra izan”, eta horren inguruko azterketa bideratuko dutela iragarri du, hori hobetu ahal izateko.

  • PFEZaren aitorpena apirilaren 6tik ekainaren 30era bitartean egin da Bizkaian.

    PFEZaren aitorpena apirilaren 6tik ekainaren 30era bitartean egin da Bizkaian. Argazkia: Bizkaia.eus

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bizkaiko Ogasunak 636.264 aitorpen batu ditu 2020ko Errenta kanpainan, iaz baino % 10 gehiago. Itzulketei dagokienez, hamar zergadunetatik zazpik itzulketak jaso dituzte, 408,7 milioi euro batzen dituztenak. Kenkari sozialak, aldiz, 651,2 milioikoak izan dira, Jose Maria Iraurrizaga Ogasun eta Finantza diputatuak emandako datuen arabera.

Arduradunek azaldu dutenez, aitorpen gehienak Internet bidez aurkeztu dira: 473.230 (% 74,3); bien bitartean, 53.013 telefonoz aurkeztu dira (% 8,3) eta 480 aurrez aurreko hitzorduetan ( % 0,1). Halaber, 109.541 aitorpen automatikoki entregatu dira, zergadunaren aldetik izapiderik egin gabe ( % 17,2).

Aurten, Ogasunak 992.376 pertsonari bidali die zirriborroa edo aitorpen-proposamena, horiek aitorpena aurkeztera behartuta egon edo ez. Horietatik guztietatik, % 68,4 (435.047) proposatutakoa onartuta egin dira, hau da, datu ekonomikoak aldatu edo txertatu gabe.

Iñaki Alonso Ogasun zuzendariak azpimarratu duenez, sistema berriak ahalbidetu du jende gehiagok aitorpena egitea. Izan ere, azaldu duenaren arabera, orain arte askok ez zekiten hori aurkeztea komeni zitzaien edo ez, eta, zalantzen aurrean, behartuta ez zeudenez, ez zuten aurkezten. Orain, aldiz, zirriborroa ikusita, itzulketarako aukera zutenek bai egin dute, eta, ondorioz, zergadunaren aldeko aitorpenak % 13,5 hazi dira kanpaina honetan. Hala ere, nabarmendu dute itzulketen batez bestekoa jaitsi egin dela.

Bestalde, Iruarrizagak sistema berriari "nota jartzea" saihestu du, baina, "emaitzak ikusita", kanpaina txarra izan ez dela ondorioztatu du, nahiz eta hobetzeko esparruak dituela onartu. Ildo horretan, nabarmendu du ez dela "kaosa izan, ezta porrota ere", oposizioak hainbatetan kritikatu duenaren kontra.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena