Ekonomia
Alokairuko auto txoferdunak
N. B. | EITB Media
Zehazki, bertan behera uzten ditu zerbitzua eskatzeko 30 minutuko tartearen eskaera eta geolokalizazioaren berri emateko murrizketa.
Uber aplikazioa sakelako telefono batean. Argazkia: Pixabay.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak neurri batean onartu du Uber BVk Eusko Jaurlaritzaren 2019ko abenduko dekretuaren aurka jarritako errekurtsoa, eta bertan behera utzi ditu zerbitzua eskatzeko 30 minutuko tartea eta geolokalizazioaren berri emateko muga.
Alokairuko ibilgailu txoferdunek zerbitzua Euskadin emateko baldintzei buruz ostiral honetan kaleratutako ebazpenak Eusko Jaurlaritzaren dekretuaren zati bat baliogabetzen du, zehazki, 2.2 eta 2.5 artikuluak, eta aldeek Auzitegi Gorenean 30 eguneko epean errekurtsoa aurkezteko aukera ezartzen du.
2019ko abenduaren 20an Uber BVk administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri zuen Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak alokairuko ibilgailu gidaridunek zerbitzua emateko baldintzei buruzko dekretuaren aurka, hiru eskakizun aldatzea eskatzeko, eta epaimahaiak horietako bi onartu dizkio.
30 minutuko tarteari dagokionez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak argudiatu du Uberren zerbitzu gehienak distantzia laburrekoak direla eta bidaiariak garraioa erabiltzeko erabakia berehala hartzen dela.
"Alokairuko ibilgailu txoferdunen zerbitzua baliatzeko erabiltzaileak gutxienez 30 minutu itxaron behar badu, eta taxi zerbitzua erabiltzeko ez badu itxaron behar, alokairuko ibilgailu txoferdunek merkatuan sartzeko dituzten aukerak oso mugatuak izango lirateke, eta praktikan enpresa askatasunaren printzipioa garatzeko oztopo bat dela esan daiteke", adierazi du auzitegiak.
Bestalde, "geolikalizazioak kontratazioa errazten du, hurbilen dagoen ibilgailua non dagoen eta zerbitzuaren kostua zein den jakiteko aukera eskainita, baina kontratazioa aldez aurretik telematikoki egin behar da, eta guztiz erregistratuta geratzen da erabiltzailearen aplikazioan eta kontratatutako enpresaren informatika-zerbitzuetan".
Auzitegiak uste du murrizketa hori ez dagoela behar bezala justifikatuta, ezin baita alokairuko ibilgailu txoferdun bat eskua altxatuta geldiarazi zirkulatzen ari denean; aitzitik, "aldez aurretik kontratatu behar da aplikazio baten bidez, eta ez dago inolako oztoporik taxi-plataformek bezeroei zerbitzu hori emateko".
Jaurlaritza helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari da
Eusko Jaurlaritza EAEko Auzitegi Nagusiaren ebazpenari Gorenaren aurrean helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari da. Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio sailburuak kasazio errekurtsoa aurkezteko aukera mahai gainean jarri du.
Eusko Legebiltzarreko sarreran egindako adierazpenetan, Saileko zein Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia aztertuko dutela azaldu du Arriolak.
Zentzu horretan, ebazpen judiziala Auzitegi Gorenaren aurrean errekurritzea ez du baztertu. Epaiaren edukia aztertu ondoren erabakiaren berri emango dutela esan du sailburuak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa