Ekonomia
Salmenta prozesua
EITB MEDIA
Aernnovak eskaintza loteslea egin du, eta horren harira, Jaurlaritza berarekin bildu da "proiektuak ITP hemen mantentzea badakar parte hartzeko prestutasuna berresteko", Tapiak baieztatu duenez.
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bere burua eskaini du ITP Aeron akziodun moduan sartzeko. Rolls Roycek konpainia aeronautikoa salgai ipiniko duela eta, enpresan parte hartzeko prest dagoela berretsi du Jaurlaritzak.
Radio Euskadik jakin ahal duenez, asteon Zamudioko enpresa erosteko eskaintza loteslea egin du Aernnovak, eta horren harira, Arantxa Tapiak zuzentzen duen Sailaren baitako Industria arduradunak Arabako konpainiako ordezkariekin bildu dira, proiektua babesteko kapitala eskaintzeko. Helburua ITP Aerok "Euskadin dituen sustraiei eustea" da. Iturrion arabera, Jaurlaritza prest dago proiektuan parte hartzeko bazkidea edozein dela ere, baina betiere "ITPrentzat etorkizuneko industria proiektua" proposatzen badu.
Gerora, Legebiltzarreko atarian Arantxa Tapia sailburuak berak baieztatu duenez, "Eusko Jaurlaritza prest dago ITP Aeroren kapitalean parte hartzeko" baina horretarako "garrantzitsuena" atzean dagoen proiektuak konpainia aeronautikoaren errotzea bermatu beharko luke: "Hemen mantentzea da helburua, EAEko enpresa izaten jarraitzea. Ez bakarrik egoitza fiskala edo soziala EAEn mantentzea, baizik eta ekoizpen planta guztiak, eta horiek izango duten etorkizuna eta hazkundea baieztatzea".
Tapiak aitortu du badakitela ITP "erabat kapital euskaldunarekin erostea ezinezkoa dela eta gehiengoa duen proiektu bat ere oso konplikatua litzatekeela, baina ulertzen dugu, nahiz eta gehiengoa ez izan, kapital zati polit batekin eta akziodunen itun baten bitartez, lortu daitezkeela helburu horiek guztiak".
Horren harira, Aernnovarekin bildu direla baieztatu du eta batzarrean "proiektu industrial bat" badagoela eta "Jaurlaritzak eskatzen dituen baldintza horiek" betetzen direla. "Horrenbestez, parte hartzeko gure konpromisoa berretsi dugu".
Tapiak nabarmendu du Arabako konpainia horrez gain, beste enpresa batzuk ere sartu daitezkeela lehian, baina ez duela gehiago zehazterik.
2020ko amaieratik hartu-emanetan
Jaurlaritza Rolls Royce ITPren jabearekin eta Espainiako Gobernuarekin (azken horrek operazioari betoa ezar liezaioke, proiektu militarrak tartean daudelako) harremanetan dago iaztik. Nonbait urte amaierarako gauzatu liteke salmenta.
4.000 bat langile dituen enpresak hegazkinerako motorrak egiten ditu. Koronabirusak eragindako krisi ekonomikoak gogor kolpatu duen enpresatako bat da ITP Aero. Irailean, Zamudioko lantegiko 194 langile kaleratzeko asmoa iragarri zuen. Aurrez, Barakaldoko eta Sestaoko PCB lantegiko 83 behargin kaleratu zituen, gerora EAEko Auzitegi Nagusiak kaleratzeak baliogabeak zirela ebatzi bazuen ere.
Enpresa-batzordeak "beldurra" azaldu du
Erosleak enplegu bermeak eskaintzea eta industria talde bat izatea espero du ITP Aeroko enpresa-batzordeak. Horregatik, Aernnova izateko aukerarekin "ikaratuta" agertu da; izan ere, sektorearen egora ikusita, "ITP baino ia okerrago dago", Iratxe Aurre presidenteak adierazi duenez.
Informaziorik ez dutela esan du enpresa-batzordeko presidenteak, salmenta operazioak "aurrera jarraitzen" duela besterik ez; izan ere, zuzendaritzak oraingoz ez die xehetasun gehiagorik eman.
Aernnovak eskaintza bat aurkeztu duela jakin ondoren, Aurrek "ikara" azaldu du, sektorearen egoera ikusita, Aernnova ITP "baino ia okerrago dagoelako". "Eta atzean inbertsio funtsak daudenez, ezinegona eta ikara handiagoa da", erantsi duenez.
"Zalantza handiko" une bat bizitzen ari direla errepikatu ondoren, erosle berriak "enplegua bermatzea" espero du. "Enplegua mantentzea, hori da inporta zaiguna", azpimarratu du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa