19:52

Ekonomia

Manifestazioak

Milaka pentsiodunek azken hiru urteetako mobilizazioei eusten diete Hegoalden

EiTB Media | Agentziak

Arratsaldean manifestazioak egin dituzte Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean. Goizean, besteak beste, Ondarroa, Lekeitio, Eibar eta Altsasun elkarretaratzeak izan dira.

1:23
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Milaka pentsiodunek Hegoaldeko lau hiriburuetan eta hainbat udalerritan mobilizazioak egin dituzte larunbat honetan, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak deituta.

Martxarik jendetsuena Bilbokoa izan da, milaka pertsonatik gorako parte hartzearekin, pentsiodunak, sindikalistak, eragile sozialak eta krisian dauden enpresetako langileak tarteko.

Gainera, Gasteizen, Donostian eta Iruñean ere manifestazioak egin dituzte arratsaldean, eta, Ondarroan, Lekeition, Eibarren eta Altsasun, ostera, goizean.

"1080 euro hileko pentsio duinak" eta  Gizarte Segurantzako organismo propioaren aldeko aldarriak irakur zitezkeen Bilboko protestaren pankarta nagusian.

Manifestazioetan, azken hiru urteotako pentsiodunen asteroko mobilizazioetan "klasiko" bihurtu diren leloak entzun dira: "Gobernua bata ala bestea izan, pentsioak babestu", "desgrabatutako pentsioa, lapurtutako pentsioa" edota "publikoa ez da saltzen, defendatu egiten da".

Jon Fano Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren bozeramaileak gogor kritikatu ditu UGT eta Comisiones Obreras sindikatuak, Espainiako Gobernuarekin eta CEOE zein Cepyme patronalekin pentsioen erreforma negoziatzeagatik.

Manifestazioa Gasteizen. Argazkia: EFE

Pentsiodunen ordezkariaren ustez, "Gobernuak, patronalek, UGTk eta Comisionesek laster itxiko dituzte pentsioen inguruko hainbat akordio", "pentsiodunentzat zein atzetik datozen belaunaldientzat" kaltegarriak izango direnak.

"Gobernuan daudenek ez dute aldatzeko asmorik, baina sindikatuen jarrera kezkagarria iruditzen zaigu, Estatuan dauden 24 milioi langileen eta 9 milioi pentsiodunen interesak babestu beharrean kontrakoa egiten ari direlako", azaldu du Fanok.

Bozeramaleak Pentsiodunen Mugimenduaren aldarriak berretsi ditu: KPI errealean oinarritutako pentsioen igoera eta 1080 euroko gutxieneko pentsioa. Gainera, lan erreformen eta 2011 eta 2014 bitartean egindako pentsioen derogazioaren alde daudela gogorarazi du, baita Gutxieneko Lanbidearteko Soldata 1200 eurora igotzea premiazkoa dela adierazi ere.

Beste alde batetik, Europar Batzordeak Next Generationen berreraikitze funtsak Gizarte Segurantzaren gastuetatik bideratzea kritikatu du Fanok, baita "Gobernuak eta Pedro Sanchezek hori onartzea".

"Mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu, Euskal Herriko gehiengo sindikalaren babesarekin", ELAren eta LABen lidergoarekin eta eragile sozialen ageriko presentziarekin, adierazi du Fanok. Ildo beretik, CCOOk eta UGTk protestok ez aldezteri garrantzia kendu dio pentsiodunen ordezkariak; izan ere, delegatu sindikalen "30 a baino ez" direla esan du.

Etorkizunera begira, pentsiodunek aurreratu dute udazkenean "mobilizazio orokor bat" egongo dela, "oso garrantzitsua" izango dena, eta sindikatuen eta beste hainbat kolektiboren babesarekin aurrera eramango dutena.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena