23:21

Ekonomia

Lan-istripua

Bi langile aurretik eraman ditu luizi batek AHTren obretan, Donostian

EITB MEDIA | AGENTZIAK

EH Bilduk salatu du Euskal Trenbide Sareak lan-istripua ezkutatu duela, eta Eneko Goia alkatearen eta Iñaki Arriola sailburuaren agerraldiak eskatu ditu, gertakariari buruzko azalpenak eman ditzaten.

  • Martutenen egiten ari diren AHTren lanetan gertatu zen istripua.

    Martutenen egiten ari diren AHTren lanetan gertatu zen istripua. EH Bilduk zabaldutako irudia

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Euskal Trenbide Sareak Abiadura Handiko Trenaren (AHT) obretan, Donostian, gertatu den lan-istripu bat ezkutatu duela salatu du gaur EH Bilduk.

Ezbeharra joan den larunbat gauean jazo zen, Martutene eta Astigarraga arteko trenbidean egiten ari diren lanetan, oraindik istripu horri buruzko jakinarazpen ofizialik ez badago ere.

Argitu gabe dauden arrazoiak tarteko, lanak begiratzen ari ziren bi langile aurretik eraman zituen ezustean gertatu zen luizi batek, Unai Fernandez de Betoño EH Bilduko legebiltzarkideak sare sozialetan zabaldutako bideo batean ikusi daitekeenez.

Koalizio soberanistak ohar bidez gaur jakinarazi duenez, "lan-istripuan Construcciones Mariezcurrena konpainiako bi goi-kargudun zauritu ziren, baina haien egoera ez omen da larria".

 

 

EH Bilduk gogora ekarri du astelehenean Ernesto Martinez Cabredo Euskal Trenbide Sareko zuzendari nagusia Donostiako udaletxean egon zela, metroaren lanetan antzeman duten azken zuloari buruzko informazioa emateko, baina, hala ere, ez zuela larunbatean izandako lan-istripuaren berri eman.

"Onartezina da Donostian egiten ari den obra guztietan gertatzen diren gorabehera guztiak nahita ezkutatzeko ETSk hartu duen erabakia, bai metro-pasantearen obretan, bai AHTren obretan", salatu du.

"Halaber, gogoratu behar da Construcciones Mariezcurrena metroaren aurreko fasea egiten ari zen aldi baterako enpresen elkarteko kidea dela, eta Easo-Mirakontxa zatiaren kudeaketa txarrean inplikatua dagoela", erantsi du.

Gauzak horrela, EH Bilduk premiazko interpelazioa erregistratu du Eneko Goia alkateak gertakari honi buruzko azalpenak eman ditzan datorren osteguneko osoko bilkuran.

Horrez gain, koalizio soberanistak Iñaki Arriola Garraio sailburuaren agerraldia eskatu du Legebiltzarrean, besteak beste, istripuaren arrazoiak, zauritutako beharginen egoera zein den eta aurrez hartutako segurtasun-neurriak zeintzuk izan ziren argitu dezan.   

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena