Ekonomia
2050 PLANA
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Espainiaren egungo egoera sozioekonomikoaren analisia eta 2050. urterako erronkak biltzen dokumentua aurkeztu du Pedro Sanchezek.
Pedro Sanchez. Argazkia: EFE
Hegazkinek ingurumenean eragiten duten kaltea murrizteko asmoz, Espainiako Gobernuak hegaldi laburrak debekatzea proposatu du, bidaia hori trenez eta gehienez 2,5 ordutan egiteko aukera badago.
Espainiaren egungo egoera sozioekonomikoaren analisia eta 2050. urterako erronkak biltzen dokumentua aurkeztu du Pedro Sanchezek, eta neurri hori txosten horretan dago jasota.
Frantzian duela gutxi onartu dute lege bat hegaldi laburrak murrizteko, trenaren erabilera bultzatuz eta garraio jasangarriaren aldeko apustua eginez.
"Joan-etorria trenez eta 2,5 ordu baino gutxiagoko epean egin daitekeen kasuetan, hegaldiak debekatzea proposatzen dugu, 2050erako bi milioi tona gas kutsagarri gutxiago isurtzeko atmosferara", dio testuak.
Trenbideak kudeatzeko Adif enpresa publikoak sarritan esan du hegaldi laburrak "arinago edo beranduago" bertan behera utzi beharko zirela, eta zehaztu du horrek ez duela hegazkin konpainiengan eragin handirik izango, negozioa nazioarteko hegaldietan dagoela azpimarratuta.
Horrez gain, Espainiako Gobernuak ibilgailuaren gaineko zergetan aldaketak egin nahi ditu. Egungo zergak erosketari, zirkulazioari eta erregaiari lotuta daude, baina etorkizunean ibilgailuaren erabilerari lotutako zergak ezarri nahi ditu, ibilgailuaren pisua, potentzia eta atmosferara isurtzen dituen gas kutsagarriak kontuan hartuta.
Halaber, trenbide sarea eraberritzea proposatzen du, bidaiarien nahiz merkantzien garraiorako. Merkantzien garraioa batez ere errepidetik egiten dela eta horrek gas kutsagarrien emisioan eragin zuzena duela ohartarazten du.
Hamaika neurri
Espainiako Gobernuaren planak beste hainbat neurri biltzen ditu eta, besteak beste, 2050erako enplegu-tasa % 80koa izatea eta langabezia-tasa % 7ra murriztea ezarri du helburutzat.
Ildo berean, ondoko erronkak ere aurreikusten ditu: emakumeen enplegu-tasa gizonezkoenaren pare jartzea (% 82), 55 urtetik gorako pertsonen enplegu-tasa % 68ra igotzea eta 35 orduko lan-astea ezartzea, Europako gainerako herrialdeetan bezala.
Aberastasunaren banaketari dagokionez, zerga bilketa BPGren % 43koa izatea –orain baino zortzi puntu gehiago, hain zuzen ere- eta ezkutuko ekonomia erdira murriztea: BPGren % 20etik % 10era.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa