Ekonomia
Euskal kutxen bat-egitea
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko hiru kutxek bat egitearen ondorioz sortutako bankuak aktibotan 75.729 milioi euro izanda hasiko du bere ibilbidea, eta Espainiako bederatzigarren bankua izango da.
Albisteak (2)
Bideoak (1)
Kutxabank hiru euskal kutxen bat-egitearen ondorioz sortutako bankuak gaur hasiko du bere ibilbidea, aktibotan 75.729 milioi euro izanda. Espainiako finantza-sistemaren laugarren kutxa eta bederatzigarren erakundea da.
Administrazio kontseilua sortzean piztutako polemikatik at (EAJk eta PPk kanpoan utzi zituzten PSE eta Bildu), proiektua estrategikotzat jotzen dute eragile sozialek eta ekonomikoek, "Euskadik krisitik ateratzeko behar duen banku erreferentea" izan behar baitu. Gainera, haren segurtasuna eta bideragarritasuna sektoreko batez bestekoaren gainetik dago, eta, beraz, faborito izango da erosketak egiteko.
Kutxabankek hiru euskal kutxen (Vital arabarra, Kutxa gipuzkoarra eta BBK bizkaitarra) aktibo eta pasibo guztiak jaso ditu, lan sozialari eta ondare artistikoari zuzendutakoak izan ezik. Bankuak 1.300 bulego eta 9.000 langile baino gehiago ditu.
BBK erakundeak (handiena, are eta gehiago Cajasur 2010ean hartu ostean) banku berriaren kapital sozialaren parte-hartzearen % 57 du; Kutxak % 32, eta Vitalek % 11.
Kutxabanken presidentea Mario Fernandez abokatua izango da, BBK-ko presidentea eta, Carlos Garaikoetxea Jaurlaritzan zenean, 1982tik 1985era EAJk deituta lehendakariorde izandakoa.
Fernandezek ostiralean azaldu zuenez, jaiotzaren osteko lehen hilabeteak proiektua errotzeko erabiliko dituzte eta, hortaz, ez dute negoziaziorik egingo tamaina handitzeko.
Nolanahi ere, epe luzean erakundea handitzearen alde egin du beti, eta helburua bi urtean tamaina bikoiztea eta, Bankiaren eta La Caixaren atzetik, Espainiako hirugarren "kutxa taldea" izatea dela esan du.
Plan estrategikoak aipatzen dituen helburuen artean, 2015erako kapital nagusia ('core capital') % 16koa izatea eta 800 milioi euroko mozkinak (2010ean hiru kutxek batera izandakoaren bikoitza) lortzea daude.
Lantaldeko murrizketak aurretiko erretiroen bitartez egingo dituzte. 2014ko urtarrila arte, 62 eta 63 urteko 500 pertsonak hartuko dute erretiroa.
Gaurtik aurrera, hiru kutxen jarduna orain artekoa bezalakoa izango da bezeroentzat, baina ez zaie komisiorik kobratuko beste lurralde batean dirua ateratzean.
Kutxabanken jaiotzak azken 10 urteetan abiatutako bat-egite ahaleginak gauzatzea dakar.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa