Ekonomia
Adituen txostenak
E. G. | EITB MEDIA
Bartzelonako zein Kantabriako unibertsitateetako irakasleen arabera, hondakinak biltzeko eta ez mugitzeko oihal leun bat erabili zuten, zaborrari ondo eusteko zimurtsua izan beharko lukeen arren.
Zaldibargo zabortegi amilduaren egungo argazkia. EFE
Zabortegiaren zigilatze sisteman egindako akatsek eragin zuten 2020ko otsailaren 6ko hondamendia Zaldibarren. Hala ondorioztatu dute adituen bi txostenek: Eduardo Perez de Agreda eta Mercedes Sondon Bartzelonako Unibertsitate Politeknikoko Ingeniaritza irakasleek egindakoak zein, Jaurlaritzak eskatuta, Kantabriako Unibertsitateko Jorge Cañizal eta Cesar Sagaseta geoteknian adituek prestatukoak ere.
Berria egunkariak txosten horiek ikusteko aukera izan du, eta gaurkoan jaso ditu ezbeharraren arrazoiak azaltzeko adituek emandako argudioak. Duela urtebete pasatxo zabortegiaren zati bat zartatu eta milioi erdi tona hondakin amildu ziren, azpian bi langile, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, harrapatuta. Beltranen gorpuaren bila dabiltza oraindik.
Hondamendiaren zergatia zigilatze sistema desegokiari egotzi diote bi txostenek. Hondakinak pilatzeko eta ez mugitzeko oihal edo azal berezi bat erabili ohi da, geotestila izenekoa. Zaldibarren ere geotestil baten baitan pilatzen zituzten zaborrak, baina txostenen arabera, Verter Recycling enpresak jarritakoa ez zen hondakinei eusteko gai izan.
Enpresak 2008an moldatu zuen zabortegiaren proiektua, eta bertan zigilatze sistema aldatu zuen. Horren arabera, zimurtutako geotestila erabiliko zuten zaborra biltzeko; hori horrela, marruskadura gutxitu eta zoruari eutsiago egongo lirateke zaborrak. Proiektuak hala bazioen ere, Verterrek zabortegiaren lehen garaian bakarrik erabili zuen oihal mota hori; gerora, 1. eta 2. fasean, alde batean bakarrik jarri zuten, eta zabortegiaren azken garaian (3. eta 4. fasean), aldiz, geotestil leuna ipini zuten alde bietan.
Zaldibarko zabortegia mendi baten hegalean kokatuta zegoen, 19 graduko inklinazioarekin, legearen arabera, hondakindegiek gehienez 15 gradukoa eduki behar badute ere.
Azkenik, aipagarria da adituek baztertu egin dutela hondakinak pilatzeko erritmoak zabor-jausiarekin zerikusia izan zuenik, bai, ordea, hondakinek harrapatutako altuerak. Txostenen arabera, zaborrei eusteko dikeak 256 metroko altuera zuen, baina 383 metroraino bete zuten zaborrez. Hortaz, 127 metrotan gainditu zuten muga.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa