Ekonomia
APIRILEKO LANGABEZIA DATUAK
O.P. | EITB MEDIA
Apirileko langabezia datuen arabera, % 2,34ko beherakada izan da EAEn eta % 1,75ekoa Nafarroan. Urte arteko tasa % 8,41 jaitsi da EAEn, baina % 3,22 igo da Foru Erkidegoan.
EAEko eta Nafarroako langabezia zifrak. Irudia: EITB.
Euskal Autonomia Erkidegoan 3.039 pertsona gutxiago daude lanik gabe apirilean, hau da, aurreko hilean baino % 2,34 gutxiago. Beraz, langabezian dauden pertsonen kopurua 130.000ko langatik behera gelditu da berriro ere, 126.982 pertsonetan. 2020ko otsailetik ez zen kopuru horretara iristen.
Lan eta Gizarte Ekonomiako Ministerioak astearte honetan emandako datuen arabera, urte arteko datuen arabera, EAEn 2020ko apirilean baino 11.661 langabe gutxiago daude (-% 8,41); kontuan izan behar da, ordea, pandemiaren ondorioz 10.430 langabe gehiago izan zirela orduan, langabe kopurua 138.643 pertsonakoa izateraino. 2020ko otsailarekin alderatuta, hau da, osasun-krisia hasi aurreko azken hilabetearen datuekin, 9.743 pertsona gehiago daude Lanbiden izena emanda.
Azken hilabetean, langabeziak behera egin du hiru lurraldeetan, eta Bizkaian jaitsi da gehien, aurreko hilabetearekin alderatuta; zehazki, 1.920 pertsonatan (-% 2,61), Araban martxoan baino 265 langabe gutxiago daude (-% 1,21), eta Gipuzkoan aurreko hilabetean baino 854 langabe gutxiago. Aldaketa horiekin, langabeak 71.639 dira Bizkaian, 33.710 Gipuzkoan eta 21.633 Araban.
Euskadiko 126.982 langabeetatik, 70.596 emakumeak dira eta 56.386 gizonak. Adinaren arabera, 116.095 langabe 25 urtetik gorakoak dira, eta gainerakoak (10.887) adin horretatik beherakoak.
Langabeziak behera egin du apirilean sektore guztietan, batez ere Zerbitzuetan 2301 langabe gutxiagorekin (85.061 langabe daude sektore horretan), eta, ondoren, Industrian 451 langabe gutxiagorekin (14.586); Eraikuntzan 208 gutxiago (8.246 guztira), aurreko lanik gabeko taldean 16 gutxiago (16.348) eta Nekazaritzan 63 langabe gutxiago (2.741).
Alfonso Gurpegui Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze sailburuordearen hitzetan, apirilean Euskadin izandako langabezia datuak "itxaropentsuak" dira, "pandemia hasi zenetik izan den daturik txikiena delako eta duela bi urte izandakoaren antzekoa". Gurpeguik azpimarratu du, enpleguak bide ona erakusten duela "Euskadirentzat hain garrantzitsua den Industriaren sektorean" izan ere, sektore horretan, langabezia % 3 jaitsi da hilabete batean, eta ia % 13 urtebetean.
Hala ere, gogorarazi duenez, "gaur egun 126.982 pertsona ari dira lan bila eta ez dute lana aurkitzen" eta hori, "zifra soil bat izatetik harago, errealitate gordina da milaka lagunentzat".
Nafarroa lehengo hilean baino hobeto baina iaz baino okerrago
Nafarroari dagokionez, apirilean 742 langabe gutxiago zenbatu dituzte Nafarroako enplegu bulego publikoetan, martxoko datuekin alderatuta, % 1,75 gutxiago, eta guztira 41.745 lagun daude langabezian.
Urtetik urterako aldaketaren arabera, Foru Erkidegoan 2020ko apirilean baino 1.303 pertsona gehiago daude langabezian, % 3,22 gehiago, beraz.
Nafarroan, langabezia nabarmenagoa da emakumeen eta gazteen artean; izan ere, 10 langabetik 6 emakumeak dira eta 25 urtetik beherako 5.081 lagun daude langabezian, iazko apirilean baino 1.000 gehiago.
Langabeziak behera egin du apirilean sektore guztietan, Eraikuntzan izan ezik, pertsona bat gehiago dago langabezian sektore horretan. Zehazki, jaitsiera handiena Zerbitzuetan izan da, 494 langabe gutxiagorekin; industrian, 245 gutxiagorekin; eta nekazaritzan, 114 gutxiagorekin. Aurreko lanik gabeko pertsonen kopurua 110 pertsonatan igo da.
CCOO Nafarroa sindikatuak azaldu duenez, nahiz eta mugikortasun murrizketekin eta ostalaritza, aisia eta merkataritza sektoreetan mugekin jarraitu, enpleguak "susperraldi arina" izan du, baina "langabeziaren datuek onartezinak izaten jarraitzen dute"; hori dela eta, premiazkoa da neurriak hartzea "lanik gabe dauden 45.000 pertsona baino gehiagoren egoera larriari" erantzuteko.
Langabezia Estatuan
Espainian langabezia 39.012 pertsonatan jaitsi da apirilean, aurreko hilabetearekin alderatuta, eta 3.910.628 pertsona daude orotara langabezian. Hala ere, urte arteko konparazioan (apirila-apirila) ikusten denez, langabezia % 2,2 hazi da Espainiako Estatuan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa