Ekonomia
Ingurumena
EiTB Media | Agentziak
Horregatik, Bizkaiak eukaliptoak landatzea mugatzeko neurriak iragarri ditu dagoeneko, eta Gipuzkoak basoak mozteko gutxieneko tartea 25 urtera luzatu du.
Eukaliptoak Elgetan (Gipuzkoa). Artxiboko argazkia: Rikardo Agirregomezkorta
Pinudiei erasaten dien xingola marroiaren gaitzak eukalipto lursailak areagotzea lagundu duela onartu du Bizkaiko Foru Aldundiak. Gainera, lursail pribatuetan eukaliptoak landatzea murrizteko tresna juridikorik edo araurik ez dagoela aitortu du foru erakundeak.
Horregatik, Bizkaiak eukaliptoak landatzea mugatzeko neurriak iragarri ditu dagoeneko. Era berean, lurraldeko basoetan lursail pribatuak erosteko egitasmo bat garatzeko konpromisoa hartu du Aldundiak.
Amaia Antxustegi Jasangarritasun eta Ingurumen foru diputatu berriak datozen bi urteetarako lehentasunak azaldu ditu Bizkaiko Batzar Nagusietan, Aldundiak jakitera eman duenez.
Duela 12 urtetik Aldundiak ez ditu eukalipto landaketak diruz laguntzen, eta orain "pauso bat gehiago" emango duela azaldu zuen Antxustegik ostiralean. Baso sektorea babesteko laguntza plan berri bat iragarri zuen, baso autoktonoek espezie aloktonoak ordezkatzeko. Horrela, osasun mozketak ez dituzte finantzatuko, ondoren eukaliptoa landatzeko baldin badira.
Horregatik, Bizkaiko eskualde guztiak lehengoratzeko eta basoberritzeko proiektuak garatuko ditu Aldundiak, "erakundearenak diren basoetan zein erosiko dituen lursail pribatuetan".
Konkretuki, helburua "bertako espezieekin landatzeko baso erosketa plan bat" martxan jartzea da, foru arduradunak azpimarratu zuenez.
Eukaliptoak Etxanon (Bizkaia). Artxiboko argazkia: Iosue
Bestalde, Gipuzkoak basoak mozteko gutxieneko tartea 25 urtera luzatu du, xingola marroiaren gaitzak jotako pinu lursailetan eukaliptoa bezalako zuhaitzak ez landatzeko. Hazteko ziklo askoz laburragoa dute eukaliptoek.
Horrela, eukalipto-sailak 10 urterekin moztea ezinezkoa izango da aurrerantzean, orain bai, ordea. Pinudiak ebakitzeko tarte bera ezarri du Gipuzkoak, 25 urte, alegia (bertako beste espezieek urte gehiago behar dituzte).
Nahiz eta eukaliptoaren presentzia Gipuzkoan "esanguratsua ez izan"-basoen % 1, azken inbentarioaren arabera-, foru erakundeak "aurrea hartzeko eta prebenitzeko" erabakia hartu du.
Sail mota horiek "masiboki" areagotzeak sor dezakeen "desoreka" eragotzi nahi du Aldundiak, isurialde atlantikoko beste zonalde batzuetan gertatu izan delako, iragan asteazkenean foru erakundeak ohar batean azaldu zuenez.
Gobernu Kontseiluak aste honetan onartutako neurria indarrean sartu ostean egiten diren landaketa berriei eragingo die arauak.
"Baso politika eraginkor batek epe laburrera baino, etorkizuneko erabakiak hartzea behar du. Lurraldeko basoen aktiboak kontserbatzea da xedea, baso kudeaketa jasangarrian sakonduz", nabarmendu du Aldundiak.
Eukalipto adar bat Laudion (Araba). Artxiboko argazkia: Santiago Barron
Arantxa Ariztimuño Baso eta Ingurumen zuzendariak esan duenez, "basoek gizarteari eskaintzen dizkion aktiboak babesten laguntzeko" asmoa dute: "paisaia, ingurumena, bioaniztasuna, baliabide berriztagarriak edo naturaz gozatzea, lurraldearen baso kulturatik abiatuta".
Ariztimuñoren ahotan, "belaunaldi aldaketaren egiturazko erronkari aurre egin behar dio sektoreak" eta xingola marroiaren gaitzak "inflexio puntu eta bidegurutze bat " suposatzen du lurjabe askorentzako; izan ere, "pinudiak ordezkatu behar izan dituzte".
Pinuak baino etekin handiagoa eskaintzen duten espezieen alde egin du gehiengoak, baina kanpoko enpresek eta inbertitzaileek ere lursailak erosi dituzte.
"Eragotzi nahi dugun aukera da, ingurumenean izan ditzakeen ondorioengatik, errotzea Gipuzkoako baso jabeen ezaugarrietako bat delako", azpimarratu du.
Gipuzkoaren erliebea menditsua denez eta euria sarri egiten duenez, lurraldea "higaduraren aurrean bereziki zaurgarria" da, eta basoak "ahultasun horren aurrean babes nagusia" dira- lurraldearen % 63 basoak dira-.
Azkenik, Ariztimuñok ziurtatu duenez, Aldundiak "jabeekin elkarlan estuan jarraituko du, baso sektorearen etorkizuna bermatzeko, diru-laguntzen bidez, eta kudeaketa eta belaunaldi aldaketan sakonduz, bioaniztasunaren eta pasaiaren berme direlako".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa