Ekonomia
LAN-GATAZKA
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Bankuen historiako enplegu-erregulazioko espedienterik handiena da, ia 8.300 kaleratze izango baitira espainiar Estatuan. EAEn, 24 kaleratze egingo dituzte Araban, 23 Bizkaian eta 22 Gipuzkoan.
69 kaleratze iragarri dituzte EAEn Caixabanken bulegoak itxi ostean
CaixaBankeko zuzendaritzak astearte honetan iragarri duenez, Bankiarekin bat egin ostean, 8.291 langile kaleratuko ditu, hau da, banketxeak Espainiako Estatuan dituen langileen % 18,67. Kaleratze horietatik 69 EAEko bulegoetan egingo dira.
Gaur eman du bankuak enplegu erregulazioko txosten horren berri, Espainiako finantza sektorearen historiako handienetako bat. Madrilgo hotel batean sindikatuetako ordezkariekin egindako bileran, Estatuan 1.534 bulego itxiko dituztela iragarri dute, sarearen % 27,2, hau da, lautik bat.
Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, Araban 24 langile kaleratuko dituzte, Bizkaian 23 eta Gipuzkoan 22. Hala ere, EAE ez da lan erregulazioko espedienteak gehien kaltetuko duen erkidegoa. Madrilen, 1.511 kaleratze izango dira; Andaluzian, 1.051; Valentzian, 942; eta Katalunian, 754.
Berregituraketak eragin nabarmena izango du beste erkidego batzuetan ere, hala nola, Balear Uharteetan (358), Kanarietan (312), Gaztela eta Leonen (286), Gaztela-Mantxan (235), Errioxan (123) eta Galizian (90).
Bankiarekin bat egin ostean, CaixaBankek 44.400 langile ditu gaur egun Espainiako Estatuan, filialetako langileak zenbatu gabe, eta, guztira, 5.639 bulego ditu.
Banca Cívicarekin elkartu zen 2012an CaixaBank, besteak beste, Caja Burgos osatzen zuena; eta Bankia 2010ean sortu zen Caja Madriden beste kutxa batzuk integratuz, hala nola, Avila eta Segoviakoa.
Gaurko eguna gorriz markatuta zegoen egutegian, zuzendaritzak enplegu-erregulazioko espedientearen nondik norakoak jakitera ematea espero baitzen. Dena dela, kopurua sindikatuek uste zutena baino handiagoa izan da; izan ere, murrizketa 7.000 eta 8.000 artean egon zitekeela uste zuten, eta, azkenean, 8.000ko langa gainditu du.
Egoera honen aurrean, bankuak sindikatuei aurreratu die birkokatze plan bat martxan jartzeko konpromisoa duela, bankutik ateratzen diren pertsona guztiei epe laburrean lana aurkitu ahal izateko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa