Itxi

Ekonomia

Hiruhileko Kontuen Aurrerapena

BPGa eta enplegua % 2,9 eta % 2,1 jaitsi dira 2020ko lehen hiruhilekoarekin erkatuta

E. G. | EITB MEDIA

Datuak hobeak (igoera txikiekin) dira aurreko hiruhilekoarekin alderatuz gero. Ekonomia eta Ogasun Sailaren hitzetan, hirugarren hiruhilekoa da tasa positiboekin.

  • Emakume bat ingeniaritza enpresa batean lanean.

    El empleo ha caído un 2,1 % respecto al primer trimestre del 2020. Foto: Pexels

Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia % 2,9 jaitsi zen 2021eko lehen hiruhilekoan, iazko epe bereko datuekin alderatuta. Enpleguak ere atzera egin zuen, % 2,1, urte arteko datuei erreparatuta, Euskal Estatistika Institutuak (Eustat) gaur emandako Hiruhileko Kontuen Aurrerapenaren arabera.

Dena dela, aurreko hiruhilekoaren datuekin alderatuta, Barne Produktu Gordina (BPGa) % 0,2 hazi zen, eta enplegua, % 0,5.

Igoera hori, dena den, esperotakoa baino "apalagoa" da (% 0,5 haziko zela espero baitzen), baina Eustatek nabarmendu du hirugarren hiruhilekoa dela jarraian tasa positiboekin. 2020ko azken hiruhilekorako zenbatetsitako urte arteko atzerakada handiagoa izan zen, % 7,6koa.

Enpleguari dagokionez, aurreko hiruhileko datuekin erkatuz gero, % 0,5 hazi da (aurreko hiruhilekoan, 2020ko laugarrenean, egonkor mantendu zen). Aurreko urte arteko jaitsiera, 2020ko azken hiruhilekoan zenbatetsitakoa, nabarmenagoa izan zen, % 6,3koa.

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak martxo amaieran iragarri zuenez, urteko lehen hiruhileko honetan % 2,5 jaistea espero zuten, baina azkenean, lau hamarren handiagoa izan da beherakada.

Hain justu, Ekonomia eta Ogasun Sailak gaur adierazi du datuek 2020ko hirugarren hiruhilekoan hasitako "joera baikorra" berretsi dutela eta hirugarren hiruhilekoa dela tasa positiboekin. Hiruhileko arteko igoera "txikia" koronabirusarekin lotu du Sailak, eta agerian uzten du, horren iritziz, pandemiak ekonomian duen eragin "estua".

Hala, Azpiazuk zuzentzen duen Sailak iritzi dio "litekeena" dela "artalde immunizazioa lortu arte ez egotea hazkunde sendorik".

Urte arteko igoerari buruz, oso adierazgarria ez dela esan du. Izan ere, % 2,9ko igoera 2020ko lehen hiruhilekoaren datuekin alderatuta lortu dute. Orduko hartan, pandemiak "azken zatian baino ez zuen harrapatu" eta beherakada handiena bigarrenean egon zen. Hortaz, daturik fidagarriena bigarren hiruhilekotik aurrera edukiko dugu.