23:08

Ekonomia

LAN GATAZKA

Ertzaintza Tubacexeko langileei oldartu zaie, Legebiltzarraren atarian

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Langileek 65 egun daramatzate greban. Amurriotik Gasteizera oinezko martxa egin dute. Hasieran sarrera galarazi badiete ere, langile-batzordeko kideak Legebiltzarrean sartu dira azkenean.

1:36
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Tubacex konpainiak Aiaraldean dituen lantegietako beharginen protesta Eusko Legebiltzarrera iritsi da. Gasteizko ganberaren atarian tentsio uneak izan dira langileen eta Ertzaintzaren artean. Ertzaintzak kargatu egin du eta manifestariak borrarekin kolpatu ditu.

Gaua Gopegin igaro ostean, Amurrio eta Gasteiz arteko oinezko martxan parte hartu duten Tubacexeko langileak 05:00ak aldera abiatu dira Gasteizera. 08:30 aldera iritsi dira Arriagako atera, eta Aernnovako eta ITPko langileak babestuta iritsi dira Eusko Legebiltzarrera. Bertan, elkarretaratzea egin dute enpleguaren defentsan, eta EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideen babesa jaso dute.

Aiaraldetik Gasteizerako bidea oinez egin duen 70 bat langileko taldeari autobusez joan diren beste bat gehitu zaio.

Legebiltzarraren kanpoaldean, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemoseko legebiltzarkideen babesa jaso dute.

Tentsio uneetako bat 09:15 aldera gertatu da, kide batzuk Eusko Legebiltzarrera sartu nahi izan dutenean. Istiluen aurkako agenteek esku hartu dute eta bultzakadak eta kolpeak izan dira.

Azkenik, EH Bilduko legebiltzarkideen bitartekaritzaren ostean, Tubacexeko enpresa batzordeko bost ordezkarik barrura sartzea lortu dute Arantxa Tapia sailburuak kontrol saioan enpresaren egoerari buruz esateko duena bertatik bertara jarraitzeko.

Bertan bildutako gainerakoek kontzentrazioarekin jarraitu dute, eta zenbait unetan berriro ere gora egin du tentsioak.

10:15 aldera, langileek amaitutzat eman dute mobilizazioa eta modu baketsuan joan dira.

Elkarretaratzeak iraun duen bitartean parte-hartzaileek kalea itxi, eta, ondorioz, zirkulazioa gelditu dute, eta tranbia zerbitzua ere eten dute. Hala ere, 10:30erako egoera bere onera itzuli da.

Langile-batzordeak Ertzaintzaren jarrera salatu du

Tubacexeko langile-batzordeak Ertzaintzaren jokabidea "neurrigabea eta gehiegizkoa" izan dela salatu du, eta haserrea adierazi du Legebiltzarrean sartzea galarazi nahi izan dietelako.

Areago, ordezkari sindikalek esan dute oldarraldi hori "aurrez pentsatutakoa" izan dela eta gogora ekarri du jarrera hori erakutsi dutela Laudioko eta Amurrioko lantegien aurrean egiten duten bilkuretan.  

ELA, LAB, CCOO, Sindikatu Independentea eta STAT sindikatuetako ordezkariak sartu behar ziren Legebiltzarrean Tubacexen bizi duten lan-gatazkaren berri emateko. "Sarrera galarazi digute, Parlamentuan sartzeko identifikatzeko prest egon garenean, eta bultzaka eta keinu txarrak egiten hasi zaizkigu. Tamalez, Ertzaintzak jarrera hori izatera ohitzen ari gara eta kezkagarria da, zerbait larria gerta daitekeela uste dugulako", azaldu dute.

BIDEOA | Tubacexeko langileak Legebiltzarrera iritsi dira

1:31

95 langile kaleratuta

Atzo 95 kaleratze gauzatu ziren Tubacex konpainiak Amurrion eta Laudion dituen lantegietan. Kaleratze horiekin bat eginez, langileak oinez abiatu ziren Amurrioko lantegitik Gasteizera, Legebiltzarrera, aipatu lantegi horietan 129 lanpostu desagertuko direla salatzeko. Bidean, Altube, Murgia eta Gopegi igaro dituzte.

95 kaleratze horiekin batera, 12 pertsonak erretiro aurreratua hartuko dute eta beste 22k, ostera, lanpostua utziko dute, pizgarriekin.

Greban dauden langileak 08:00etan abiatu ziren, oinez, Tubacexek Amurrion duen lantegitik, eta gaur, 09:00ak aldera, iritsi dira Gasteizera Eusko Legebiltzarraren atarian protesta egiteko.

Enpresa batzordetik onartu dutenez, atzokoa egun gogorra izan zen, baina ez dela amaiera eta epaitegietan borrokan jarraituko dutela azpimarratu dute. 

Azken orduetan, beren aldarrikapenak indartu dituzte. Asteazkenean, esaterako, greban dauden langile talde batek su eman zion pneumatikoz egindako barrikada bati, lantegiaren sarrera blokeatzeko eta lanuzteekin bat egiten ez duten langileen autobusei sartzea eragozteko.

Tubacexek esan du egoera "jasanezina" dela

Tubacexek gutuna bidali die euskal erakundeetako arduradunei, eta "herrialdearekin konpromiso irmoa" duela adierazi ostean, hainbat hilabetez Laudioko eta Arabako lantegietan "kaleratzeak saihesten" saiatu dela azaldu du, "neurri alternatiboen" bidez. Gainera, langileek greba mugagabearen inguruko hausnarketa egitea espero du.

Europa Press agentziak eskuratu ahal izan duen gutunean, Jesus Esmoris kontseilari delegatuak gogora ekarri du abenduaren 18an erakundeetako arduradunei bidalitako gutuna, Aiarako lantegietan bizi zuten egoera "zaila" azalduz.

Tubacexek deitoratu duenez, hiru hilabeteko elkarrizketetan, sindikatuek ez dute proposamenik negoziatu nahi izan. 

Hodien egileak azaldu duenez, Arabako lantegiek 2020an 20 milioi euroko galerak izan zituzten, eta horrek "enpresaren egoera jasanezina" egiten zuen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena