Ekonomia
Lan-gatazka
Mikel Dominguez | EITB Media
Kaleratzeen aurkako eta enpleguaren aldeko aldarria Aiaraldetik Bilbora eraman dute langileek, eta "oraindik animoak goian" dituztela adierazi dute. Bi hilabete daramatzate greban.
Tubacexeko langile batzordeak deituta, manifestazio jendetsua eta zaratatsua egin dute Bilbon, Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. Tubacex ERErik ez! lelopean egin dute martxa Bizkaiko hiriburuan Aiaraldeko enpresako langileek, senideek, lagunek eta eskualdeko herritarrek, greba mugagabea hasi zutenetik bi hilabete betetzear direnean. 2000 bat manifestarik hartu dute parte.
Lan erregulazioko espedienteak Tubacexeko 129 langileri eragingo die. Langile horiek apirilaren 15ean kaleratzea dago aurreikusita, Eduardo Ibernia enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez.
Kaleratzeen aurkako eta enpleguaren aldeko aldarria Aiaraldetik Bilbora eraman dute langileek, segurtasun neurriak beteta hiru zutabetan antolatu duten martxa batean. Enpresari negoziazio mahaian jesartzeko eta behin behineko neurriak aintzat hartuko dituen konponbide adostu bat bilatzeko eskatzen diote langileek.
Erakundeei industria sarearen suntsiketa gelditzeko ahaleginak egiteko eskatu diete.
Batzordeko presidenteak azaldu duenez, manifestazioarekin Tubacexeko gatazka Bilboko kaleetan "ikustarazi" nahi dute, egoera enpresa guztietara zabaldu baitaiteke. Izan ere, "oraindik behera bota ez dugun lan erreforma bat dago, eta horrek modu errazean lan erregulazioko espediente bat aurkeztea uzten die enpresei, galerak izango dituztela aurreikusten dituztela justifikatuta, Tubacexek egin duen bezala".
Ibemiaren ustez, enpresaren zuzendaritzarekin negoziatzeko tartea geratu beharko litzateke, baina esan du "agian arazoa da haiek ez dutela agertoki hori aintzat hartzen".
Joseba Terrerosek enpresa batzordeko kideak manifestazioan adierazi duenez, "oraingoz animoak goian" dituzte langileek. "Jendea gure atzean dago, eta saiatu behar gara kaleratze horiek saihesten eta hutsean geratzen", esan du Terrerosek.
Tubacexeko langileen aldeko manifestazioa. Argazkia: EFE
Udaletxe atarian bukatu dute manifestazioa, txalo artean. Terrerosek irakurritako manifestuaren arabera, langileek etorkizunean sinesten dute, "Zuzendaritzak ez bezala". "Ez dugu normaltasunera bueltatzeko beste modurik ikusten kaleratutako langile guztiak itzultzen ez badira", adierazi du.
Langileek manifestazioan zehar EITB Mediari adierazi diotenez, borrokan jarraitzeko prest eta indartsu daude, eta "zerbait lortuko dugula" uste dute. Enpresak egindako "mehatxuek", gainera, "indarra" ematen dietela adierazi dute.
Greba mugagabea produkzioan izaten ari den emaitza ere hizpide izan dute. "Gure fabriketan ez da kilogramo bat ere transformatu, eta horrek indarra ematen digu", esan dute langileek.
Tubacexeko langileen martxa. Argazkia: EFE
Manifestarien artean izan dira EH Bilduko zenbait ordezkari politiko, besteak beste, Oskar Matute diputatua, Iker Casanova legebiltzarkidea, Arantza Urkaregi Bizkaiko batzarkidea eta Eba Blanco EAko idazkari nagusia.
95 kaleratze Laudion eta Amurrion
Tubacexek Laudio eta Amurrioko (Araba) fabriketako 95 langile kaleratuko ditu, lan erregulazioko espedientean aurreikusita zeuden 129en aurrean. 22 langile borondatez joan dira eta 12 aurretik erretiratu dira.
Tubacexeko lan-gatazka otsailean hasi zen, enpresak kaleratze handiak iragarri zituenean "arazo estrukturalak" tarteko; petrolioaren eta gasaren krisi "luzeari" pandemiaren ondorioak gehitu zaizkiola eta, "industria berrantolatu eta kostuak murriztu" beharra izan duelako.
Langileen ordezkaritza sozialak, ordea, arazoa "behin-behinekoa" dela dio, eta horregatik "neurriak ere behin-behinekoak" izatea eskatzen du, pandemiaren eraginari aurre egiteko. Langileak greba mugagabean daude joan den otsailaren 15etik. Pasa den martxoaren 9an, gainera, agortutzat eman zituzten negoziazioak, bide judiziala zabalduz.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa