Ekonomia
AMIANTOAREN ONDORIOZ HILA
O. P. | EITB MEDIA
CCOOk biktimekiko "konpromisoa eta enpatia" eskatu die politikariei, eta dei egin dio Osakidetzari ustezko gaixotasun kasuen berri eman dezan, legeari jarraiki.
Bi langile bakelitazko estalki bat kentzen. Argazkia: Montagnioli Rino, Flickr
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko Probintzia Zuzendaritzak onartu du langile bat amiantoaren eraginpean egoteagatik hil zela. Aipatu langilea 2020ko abuztuan hil zen, 81 urterekin, biriketako kartzinoma ezkatatsu baten ondorioz, pleurako lodierarekin. Amiantoaren eraginpean egoteagatik laneko gaixotasun gisa aitortutako gaixotasuna da hori, eta horrek eragin zuen heriotza.
Alfonso Ríos Euskadiko Comisiones Obreras (Langile Komisioak) sindikatuko lan-osasun arloko arduradunak adierazi duenez, bi enpresatan egon zen langilea amiantoaren eraginpean. Lehenik, 1966 eta 1968 artean langile izan zen Errenteriako (Gipuzkoa) Paisa enpresan, bakelitazko isolamenduak egiten zituen enpresa, gero Ecrosek bereganatua. Osalanek hautemanda zituen lehendik amiantoaren esposizio kasuak enpresa honetan.
Ondoren Zardoya Otis enpresan, igogailuak eraiki eta instalatzen dituen enpresan. Bigarren honetan, langileak ez zuen amiantoa zuzenean manipulatzen, baina, igogailuetan ohiko osagaia zen, bereziki balazta mekanismoaren marruskadura-puntuetan.
Amiantoaren eraginpeko heriotza kasu berri honen harira, Riosek Kongresuko alderdi guztiei eskatu die amiantoaren eraginez gaixo dauden pertsona guztiekiko "konpromisoa" eta biktimen nahiz senideen "sufrimenduarekiko enpatia"; "are gehiago apirilaren 13an amiantoaren biktimentzako konpentsazio funts bat sortzeko legea onartzeko eztabaida hastera doanean", gaineratu du.
Sindikatua aspaldi hasi zen "Fratzian edo Belgikan, esaterako jada martxan den" mekanismo hau Estatuan ere martxan jartzea eskatzen, "ez dadin atzeratu amiantoaren eraginez sortutako kalteen ordaina jaso ahal izatea".
CCOOk Osakidetzari eskatu dio, halaber, gaixotasun profesionalaren susmoaren jakinarazpena egiteko izapidea bete dezala, "1299/2006 Errege Dekretuan medikuentzako betebehar gisa ezarrita dagoen bezala".
Lege-agindu hori bete izan balitz, langile horren erretiro-pentsioa handiagoa izan zitekeen 1997az geroztik, urte horretan diagnostikatu baitzioten biriketako kartzinoma, eta amiantoak eragindako gaixotasun profesionaltzat jo zuten azkenean", deitoratu du Riosek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa