Ekonomia
FICOBA
EITB MEDIA
Produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azoka ekainaren 4tik 6ra bitartean egingo da Irunen, eta erakusketa-azaleraren % 80 saldu du dagoeneko.
Bioterra azoka. EITBren bideo batetik ateratako irudia.
70 erakusketarik baino gehiagok baieztatu dute egongo direla ekainaren 4tik 6ra bitartean Irungo Ficoba aretoan egingo den Bioterra produktu ekologikoen, bioeraikuntzaren, energia berriztagarrien eta kontsumo arduratsuaren azokan.
Azokak erakusketa-azaleraren % 80 saldu du dagoeneko, eta "badirudi erakusketa-espazioaren % 100era iritsiko dela, eta, aurreko edizioetan bezala, Ficobak dituen hiru pabiloiak eta kanpoaldeko erakustokia beteko dituela".
Ficobak ohar batean azaldu duenez, "pandemiak jarduera moteldu duen arren", ekoizpen ekologikoa % 4 hazi da, 2019ko datuekin alderatuta; EAEn, 658 dira dagoeneko ekologikoan ekoizten duten enpresak.
Nekazaritzako ekoizpenak dira, oraindik ere, atalik garrantzitsuena (guztizkoaren % 54), eta horien atzetik daude eraldaketa, abeltzaintza, merkaturatzea eta inportazioa.
"Ekoizpen ekologikoko jarduera guztiek dute operadore gehiago, baina azken urteko gorakada azpimarragarria izan da nekazaritza-ekoizpenaren kasuan, bai landare ekoizpenari dagokionez, bai animalia ekoizpenari dagokionez", gaineratu du. Aitzitik, "elikagai ekologikoen elaborazioa eta inportazioa gelditu egin dira".
Halaber, operadore gehienak baratzezaintzan aritzen direla nabarmendu dute, eta, ondoren, fruta-saltzaileak dira nagusi; abeltzaintzan, behi-aziendaren hazkuntza da gehien egiten den jarduera.
Ekoizpen ekologikora bideratutako azalerari dagokionez, 2020an hazkundea % 20koa izan da, 2019ko (% 27) eta 2017ko (% 32) hazkundeek soilik gainditu dute, batez ere azalera handia duten hainbat abeltzainek gora egin dutelako. Proportzioan, larreetarako azalera nabarmentzen da, eta, ondoren, mahatsondoetarako azalera.
Arantza Eguskiza Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, "elikadura ekologikoaren hazkundeak goranzko joera duen arren, proiektuak galtzen ari dira, merkatua garatzeko unean aholkularitza eta pizgarri gutxi daudelako".
Eguskizak azpimarratu duenez, bide luzea dago egiteko Europar Batasunak 2030erako lortu nahi duen Fram to fork estrategia betetzeko. "Helburua nekazaritza lurren % 25 ekoizpen ekologikokoak izatea da, eta gaur egun Euskadin ez dira % 4ra iristen", azaldu du.
Ekonomia zirkularra
Ekonomia zirkularra izango da edizioaren lehentasunezko gaietako bat; hala, Bioterrak Bilibin Circular ekonomia zirkularreko aholkularia sartu du elkarte eta operadore espezializatuek osatutako batzorde antolatzailean. Horren helburua da "ekonomia zirkularra aktibatzea enpresetan eta lurraldeetan, hondakinak modu errentagarrian murriztea, metodologia propioak erabiliz, esperientzia teknikoa eta enpresa ikuspegia uztartuta, hondakinik gabeko mundua sustatzeko".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa