Ekonomia
Kaleratzeen kontrako protesta
Istiluak izan dira Tubacexen, langileen eta Ertzaintzaren artean
E. G. | EITB MEDIA
Manifestariek su-barrikada egin dute eta objektuak jaurti dituzte beharginak zeramatzan autobusaren kontra. Agenteek foamezko pilotak bota dituzte. Ertzaintzak diligentziak hasi ditu.
Tubacexeko langileek 43. greba eguna dute gaur zuzendaritzak egin asmo duen lan-erregulazioaren kontra (129 kaleratze daude aurreikusita), eta beste behin, protesta egin dute Amurrioko (Araba) lantegiaren aurrean. Mobilizazioa beharginen eta Ertzaintzaren arteko istiluekin amaitu da.
Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, gertakariak 09:30an hasi dira. Langileek hainbat objektu jarri dituzte errepidean, Tubacexeko lantegiaren atarian, eta ondoren su eman diote barrikadari. Ondoren, eserialdia abiatu dute, zirkulazioa itxiz.
Aurrekoetan bezala, Ertzaintza joan da, eta hainbat manifestari identifikatu ditu. Suhiltzaileek su barrikada amatatu dute.
Iturrion arabera, greban ez dauden langileak daramatzan autobusaren kontra ere egin dute protestan zeudenek, objektuak jaurtita. Ertzaintzak salbekin eta foamezko pilotak botaz erantzun du.
Langileetako batzuk eta Ertzaintzaren agenteren bat zauritu dira istiluetan.
Ertzaintzak diligentziak hasi ditu gertatutakoak ikertzeko.