19:37

Ekonomia

Lan-gatazka

Tubacexek kaleratzeak 150etik 134ra jaistea eskaini die sindikatuei

agentziak | eitb media

Langileen ordezkariek Lan Erregulazio Txostena bertan behera uzteko eta Aldi Baterako txostena negoziatzeko eskaerari eutsi diote, baina zuzendaritzaren ezezkoa jaso dute.

  • Tubacexeko kaleratzeen aurkako protesta. Argazkia: EiTB

    Tubacexeko kaleratzeen aurkako protesta. Argazkia: EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Tubacexen zuzendaritzak Amurrioko eta Laudioko (Araba) lantegietarako Lan Erregulazio Txostenean aurreikusten dituen 150 kaleratzeak 134ra jaistea eskaini die sindikatuei.

Horixe jakinarazi du Efe albiste-agentziak enpresa batzordeko iturrietan oinarrituta, gaur bi aldeek Lan Erregulazio Txostena eta Aldi Baterako Lan Erregulazio Txostena negoziatzeko egin duten bileraren ostean.

Langileen ordezkariek Lan Erregulazio Txostena bertan behera uzteko eta Aldi Baterako txostena negoziatzeko eskaerari eutsi diote, baina zuzendaritzak uko egin dio. Izan ere, konpainiak dio nazioarteko krisiak eragindako egiturazko arazoak dituela eta eskaerek behera egin dutela. Langile batzordeak, aldiz, uste du arazoa unean unekoa dela eta nahikoa dela behin behineko neurriak hartzea.

ELA, CCOO, STAT eta Independentek beste proposamen bat aurkeztu dute, 1966an edo lehenago jaiotakoen aurre-erretiroa, % 100eko estaldurarekin, aurreikusten duena; eta baita borondatezko eszendentziak 1.500 euroko soldatarekin. Era berean, borondatez lana uzten dutenei urteko 60 eguneko ordaina ematea jarri dute mahai gainean.

Guztiak neurri "ez traumatikoak" eta "boluntarioak" direla azpimarratu dute sindikatuek, helburua "kaleratzerik ez" izatea delako.

Gainera, hurrengo 10 urteetan kaleratzerik ez egiteko konpromisoa bete beharko luke enpresak, eta lanpostuak ez externalizatzekoa. Aldi Baterako txostenari dagokionez, sindikatuek % 100eko gehigarria eskatzen dute, oporrak eta aparteko sariak edukitzeko.

LAB ez da proposamen horretan sartu, zuzendaritzak ez duelako justifikatu egiturazko neurriak hartu behar izatea. Izan ere, sindikatu abertzalearentzat krisia behin behinekoa da, eta horretarako "irtenbide onena" Aldi Baterako Erregulazio Txostena negoziatzea da.

Tubacexen zuzendaritzak esan du proposamen horietatik "urrun" dagoela, eta kaleratzeak 150etik 136ra jaistea eta kaleratzeengatik urteko 25 egun ordaintzea (gehienez 18 hilabetez) proposatu du.

Hurrengo negoziazio batzarra ostegunean izango da, eta asteartean, hilaren 9an, izango da negoziazio fasea amaitzeko azken bilera.

Laudioko eta Amurrioko langileak greba mugagabea egiten ari dira otsailaren 15etik, eta egunero moibilizazioak egin dituzte euren egoeraren berri emateko.

Tubacexek 25,3 milioi euroko galerak izan zituen, batez ere EAEn pilatutako balantze negatiboagatik, baina aurreko urtean 11 milioi euroko etekina eskuratu zuen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena