Ekonomia
Greba eguna Gipuzkoan
E. G. | EiTB Media
ELAk eta LABek deituta, dozenaka langilek parte hartu dute Donostiako manifestazioan. Euren 247. greba eguna izan da gaurkoa.
Albisteak (2)
ELAk eta LABek deituta, greba eguna izan dute gaurkoa Gipuzkoako adinekoen egoitzetan, gatazka hasi zenetik 247.a. Salatu dutenez, "kokoteraino daude dena emateaz eta trukean ezer ez jasotzeaz". Izan ere, pandemiak "karga fisiko eta emozional" handia ekarri die, eta ez dute "oraindik lan hitzarmen duinik".
ELAk, LABek, Gipuzkoako Senideak eta Irauli Zaintzak elkarrekin egin duten manifestazioan, dozenaka langilek hartu dute parte. 11:00etan abiatu da Donostiako Gipuzkoa plazatik 'Zaintza Kalitatezkoa, hitzarmena orain!' lemapean.
ELA sindikatuko Janire Diezek komunikabideen aurrean azaldu duenez, Gipuzkoako adinekoentzako egoitzetan dagoeneko 247 egun daramatzate greban hitzarmen duin baten alde, eta "itxoiteaz nazkatuta eta oso nekatuta" daudela azaldu du, gatazka honetan "Aldundiak ez duelako bere gain inolako erantzukizunik hartzen".
Horrez gain, egoitzetako ratioak % 10 handitu direla esanez Maite Peña Gipuzkoako Gizarte politiketako diputatuak egindako adierazpenak "gezurra" direla salatu du; izan ere, "arreta covid-19aren pandemiaren aurretik zutena baino txikiagoa da".
"Langileek duten karga fisiko eta emozionala izugarria da eta oraindik ez dute merezitako hitzarmenik", esan du, eta gaineratu du "kokoteraino" daudela "dena eman eta trukean ezer ez" jasotzeaz. "Aldundiak bere erantzukizuna bere gain hartu behar du, langileek hitzarmen duin bat izan dezaten ", azpimarratu du.
Diezek gogorarazi du aldarrikapenen artean daudela hobekuntza ekonomikoa, ratioak eta arretaren kalitatea langileek "adinekoak artatzeko denbora izan dezaten"; izan ere, "orain 90 minutu inguru ematen dituzte bakoitzari behar duen arreta emateko", eta hori "ankerra" dela esan du. "Ratioetan eta kalitatezko denboran inbertitu behar da", gaineratu du.
Bestalde, LABeko Leire Ormazabalek galdetu du "zer gehiago gertatu behar den Aldundiak sektoreko langileekin duen erantzukizuna bere gain har dezan". "Lehen lerroan egon dira, daude eta egongo dira, profesional diren aldetik". Baina 2012tik lurralde-hitzarmenik gabe daudela gogorarazi du eta 2006tik egoera hobetzeko ratiorik gabe, "Aldundiak igo egin direla esan arren", gaineratu du.
"Lan erritmoak eta kargak handitzen ari dira, arazoak daude langile kopuruan, ordezkapenak egiteko", salatu du, eta hartutako neurri bakarra "agerraldi berri baten" aurrean zentro horietan "450 ohe hutsik uztea" dela esan du. "Beraz, erabiltzaile gutxiago daudenez, minutu gutxi batzuk irabazten dituzte" langileek horiei eskaintzeko, baina "ez dira gure adinekoek izan beharko lituzketen zaintza duinak".
Horren aurrean, martxoaren 30ean, ELAk eta LABek deituta, greba berri bat iragarri dute adinekoen egoitzetan, eta martxoaren 4an, berriz, lanuzteak egingo dira zaintza sektore guztian, ESK eta CCOO ere bertan direla.
Amaitzeko, "borrokan" jarraituko dutela ohartarazi du "hitzarmen duin baten eta doako sistema publiko, unibertsal eta kalitatezko" baten alde, "pertsonak erdigunean" jarriko dituena.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa