Ekonomia
Errenta kanpaina
N. B. | EITB MEDIA
Foru Aldundiak aitorpena eta emaitza aurrez egin izanaren abisua baino ez du bidaliko etxeetara, zergadun bakoitzak bere zirriborroa webgunean ikusi ahal izan dezan.
Arabako errenta kanpaina apirilean hasiko da. Argazkia: Arabako Foru Aldundia.
Arabako Foru Ogasunak handitu egingo du Rentafacil jasotzen duten zergadunen kopurua hurrengo errenta kanpainan, talde horretan sartuko baitira alokairuan bizi direnak eta etxebizitza bat alokatuta dutenak ere.
Itziar Gonzalo Ogasun, Finantza eta Aurrekontu Saileko foru diputatuak gaur goizeko prentsaurrekoan iragarri dituen berritasunetako bat da hori. Kanpaina digitalizatzeko egindako aurrerapenen berri ere eman du ekitaldi horretan.
Hortaz, hurrengo kanpainatik aurrera, zeina apirilean hasiko baita, Rentafacilera sartuko dira etxebizitza alokairuan duten arabarrak (bai maizterrak, bai alokatzaileak). Horiek Foru Ogasunaren posta abisu bat jasoko dute, jakinarazteko aitorpena aurrez egin dela, eta aldundiaren web orrira sartu beharko dira etxebizitzari buruzko datuak osatzeko, hau da, alokairuaren ondoriozko etekinak edo kenkariak.
Lehendik ere Rentafácil jasotzen zuten gainerako zergadunei dagokienez ere badago berritasunik. Izan ere, aurten, Arabako Foru Aldundiak urrats bat gehiago emango du digitalizazioan, eta aitorpenaren zirriborro osoa etxera bidali beharrean, Foru Ogasunak abisua eta azken emaitza bidaliko ditu eta ordenagailutik edo gailu mugikorretik zuzenean onartu ahalko da, orain arte bezala. Aitorpen osoa ikusteko aukera ere izango da, web orriaren bidez.
"Ezohiko unea bizitzen ari gara, pandemiaren ondorioz eta herritarrak babesteko hartu beharreko neurrien ondorioz. Digitalizazioak garrantzi berezia hartu du testuinguru horretan", azaldu du Gonzalok.
Teknologia berriak erabiltzeko zailtasunak dituzten zergadunek euren errenta telefonoz onartu ahal izango dute, eta aitorpenaren zirriborro osoa etxera bidaltzeko ere eskatu ahal izango dute, telefono bidez. "Digitalizazioaren aldeko pausoak eman nahi ditugu, baina inor atzean utzi gabe", azpimarratu du Gonzalok.
BAK gakoak aktibatzea
BAK gakoen edo beste ziurtagiri digital baten bidez identifikatu beharko da aitorpenaren zirriborro osoa ikusteko, eta baita alokairuko etxebizitzari buruzko datuak sartzeko ere. Gaur egun, 70.000 arabarrek baino gehiagok aktibatuta dute BAKa. Oraindik ez dutenei, izapide hori errazteko, Foru Ogasunak gako horiek aktibatzeko kodea emango du etxeetara bidaliko den abisu gutunean.
Rentared
Iaz, Rentared modalitatea erabili zuten zergadunen kopurua bikoiztu egin zen.
"Rentared aukera ona izan zen zergadun askorentzat konfinamendu garaian. Modalitate horrek aukera ematen digu gure aitorpena edozein egun eta ordutan egiteko. Etengabe irekita dagoen Ogasuneko leihoa balitz bezala", gogorarazi du Itziar Gonzalok.
"Hurrengo kanpainetan gero eta arabar gehiagorentzat tresna erabilgarria izaten jarraituko duelakoan nago, aukera erraza, segurua eta erosoa baita", adierazi du Ogasun Saileko foru diputatuak.
Arreta bulegoetan
Azkenik, Foru Ogasunak Gasteizen, Laudion eta Guardian dituen bulegoetan arreta ematen jarraituko du. Horretan ere berritasunak egongo dira; besteak beste, zerbitzu hori erabiltzeko baldintzak. Aurreko kanpainetan bezala, zergadun guztiak joan ahalko dira bulegoetara, salbu jarduera ekonomikoa egin dutenak, ohiko etxebizitza saldu dutenak eta higiezinak edo akzioak saltzeko hiru eragiketa baino gehiago egin dituztenak.
Aurten, honako hauek ere ezingo dute aitorpena Ogasunaren bulegoetan egin: kotizatu gabeko merkataritza sozietateen partaidetzak saldu dituztenek, lonjak eta apartamentu turistikoak alokatzearen ondorioz kapital higiezinaren etekinak lortu dituztenek eta 80.000 eurotik gorako lan etekin osoak jaso dituztenek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa