Ekonomia
Koronabirusa
Nafarroako Auzitegi Nagusiak baztertu du ostalaritzaren barrualdea zabaltzea
E. G. | EITB MEDIA
Zehazki, barrualdeak urgentziaz irekitzea eskatu zuten ostalariek helegite batean. Aukera hori da Auzitegiak errefusatu duena.
-
Iruñeko taberna baten barrualdea, hutsik. Argazkia: EFE
Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko auzien Salak baztertu egin du Foru Gobernuak urtarrilaren 20an emandako foru arauaren harira kautela bereziko neurriak hartzea. Hots, errefusatu du urgentziaz ostalaritzaren barrualdea irekitzea eta terrazetan ezarritako edukiera mugak kentzea.
Salaren iritzian, ez dago neurri hori ezartzeko urgentziazko arrazoirik. Argudiatu duenez, Nafarroako Ostalaritza eta Turismo Enpresaburuen eta Ostalaritzaren Enpresa Txikien elkarteek urtarrilaren 29an aurkeztu zuten helegitea eta bertan ez zuten kautela bereziko neurririk eskatu. Otsailaren 16an, berriz, hala egiteko eskakizuna aurkeztu zuten. Auzitegiak ondorioztatu du "urgentzia" hori, bada, ez dagoela. Ebazpen horren kontra ez dago helegitea aurkezterik.
Auzitegiak argudiatu du urgentzia bereziko baldintzak egon behar direla neurri horiek hartzeko, eta halakoetan, ez dela beharrezkoa kontrako aldearen alegazioak. Hori da, hain justu, kautela bereziko neurriak eta kautela neurriak ezberdintzen dituen gakoa: lehenengoan, ez da kontrako aldearen iritzia entzuten, bigarrenean, ordea, bai.
Hala, zehaztu du laster kautelazko neurrien inguruko ebazpena emango duela, eta horretan administrazioak emandako argudioak entzungo ditu.
Ez da aurreko aldia Nafarroako Gobernuaren neurrien kontra ostalaritza sektoreak kautela bereziko neurriak eskatzen dituena. Horrela egin zuten birritan, eta bietan (irailaren 16an eta urriaren 23an) errefusatu egin zituen Salak.
Ostalariek euren helegitean argudiatu dutenez, "taberna eta jatetxeen barrualdea ixteko neurriaren urgentzia ukaezina da establezimendu guztientzat, izan ere, gehienek ez dute terrazarik. Hortaz, askok taberna itxi beharko dute, berehalakoan eta beste erremediorik gabe. Nafarroako ostalaritzaren zati handi batek ezin du egun gehiago galdu konponbiderik gabe".